
Atzo, maitzak 28, Reigning Sound Memphiseko rock’n’roll bandak jo zuen Bilboko Kafe Antzokian. Taldeak kontzertu borobila eskaini zuen, AEBetako hego aldeko hiri estatubatuarrean 50eko hamarkadan sortu eta 60koan garatu zen rock’n’roll eta soul/R&B kutsua duten kantu sorta bikaina energia biziz joz.
Greg Cartwright (ahotsa/gitarra) musikari estatubatuarraren egungo egitasmoa da Reigning Sound. Aurretik, The Oblivians eta The Compulsive Gamblers taldeetan ibilitako musikaria bada ere, -guztiak garage-punk eszenako koadrilak-, banda honekin argitaratu ditu bere diskorik onenak. Izan ere, Reigning Soundek azken hamarkadan entzun diren rock’n’roll diskorik bikainenak grabatu dituela baiezta daiteke ezbairik gabe.
Halaber, Cartwright berriro itzuliko da Bilbora uztailaren 4an The Oblivians taldearekin eta Detroiteko The Gories-ekin. Hori bai blues-punk eztanda!
Reigning Sound 2001 urtean eratu zen Memphisen. Urte horretan Two Sides to Every Man hiru kantuko 7” eta Break Up, Break Down (Sympathy for the Record Industry) lehendabiziko diskoa argitaratu zuen. Estreinako lan hori country eta folk kutsuko lan melodikoa da. Bertan, argi antzematen da Cartwrightek rock’n’roll kantu borobilak idatzi eta abesteko duen gaitasuna.
Laukotearen lanik onena, baina, urtebete beranduago iritsi zen, Time Bomb High School (In The Red). Kantu biziak eta lasaiagoak uztartzen dituen diskoa da. Rhythm and blues, soul, garage, country eta folk estiloak birrintzen ditu rock’n’roll maisulana eraikitzeko. Disko horretan, gainera, Oblivians ohiak ondo baino hobeto erakusten du nolako gaitasuna duen beste batzuen kantuak bereak egiten, esaterako, Rolling Stones-en I’d Much Rather Be With the Boys.
Too Much Guitar, hirugarren lana 2004ean argitaratu zuen In The Red diskoetxeak. Taldearen lan basatiena da, zuzenekoa dela ematen du. Garai hartan The Lost Sounds taldeak jotzen zuten Jay Reatard eta Alicja Troustek grabatua, garage-soul eraso gordina da. Antza, diskoa prestatzen ari zirela, taldekide batek ihes egin zuen. Ondorioz, Cartwrightek diskoaren kontzeptua irauli eta Too Much Guitar oldarkorra grabatu zuen. Nolanahi ere, urtebete beranduago Home For Orphans (Sympathy for the Recordss Industry) plazaratu zuen. Bertan, single ezberdinetan sakabanaturiko doinuak bildu zituen, tartean, Too Much Guitar lanean jasotako kantuen bertsio melodikoagoak. Cartwrightek, agian, disko hori zeukan buruan Too Much Guitar grabatu zuenean, baina lehen aipaturiko desertzioa tarteko, ezin izan zuen aurretik pentsaturikoa gauzatu. Bilduma honetako kantuei soul kutsua darie. Diskoa sendoa da, eta kantuak ikaragarriak, goxo-goxo sartzen da bilduma bat izan arren.
Harrez geroztik, Reigning Soundek bi zuzeneko grabatu ditu, Live At Maxwell (Telstar/Spoonful, 2005) eta Live At The Goner Records (Goner Records, 2006). Izan ere, Oblivians ohiak Memphis utzi zuen 2004 urtean eta Ashville hirira jo zuen familiarekin, eta lanak izan omen ditu talde berria osatzeko. Ez hori bakarrik, ekoizle eta konpositore gisan ere gogoz jardun du, tartean, 60ko hamarkadako Shangri-Las taldeko Mary Weissek plazaratu zuen Dangerous Game (Norton) diskoa ekoitzi zuen eta 14 kantuetatik 9 berak idatzi. Aurtengo uztailean, baina, Love & Curses lan berria plazaratuko du In The Red zigiluak.