MUSIKA

Bakelite bikoteak estreinako singlea plazaratu du

Sergio Llanos (Eureka Hot 4) eta Naiara Anasagasti (Paniks) bikoteak osatzen dute Bakelite egitasmoa. Etxean garaturiko proiektua izanagatik ere, argitaratu berri duten single autoekoitzian jasotako bi kantuak fundamentu handiko piezak dira.

Binilozko singleak bi kantu dakartza A aldean, Biluzik eta B aldean, berriz, Txinatar Horoskopoa. Lehenengoa blues hezean bustiriko doinu sakon da, eta arrastaka ateratzen da bozgorailuetatik. Ezti-ezti xuxurlatzen ditu hitzak Naiarak, atzetik slide gitarraren arrangurak entzuten diren bitartean. Bigarren doinua, aldiz, rock and roll doinu ilun eta bizia da, bateria sinkopatuen gainean eraikia, eta hitzetan sugeak ageri dira nonahi.

Singlea autoekoizpena da eta Borax markapean plazaratu du bikote bermeotarrak. Sergio Llanosek adierazi digunez, singlea aurkezteko zenbait kontzertu egiteko asmoa dute, baina oraingoz singlea mugitzeko asmoa baino ez dute. “Zuzenean aurkezteko, gainera, zerbait sendo eduki behar dugu, ikus-entzuleen aurrean agertzeko modukoa”. Horretaz gain, Royal Trux eta Spacemen 3 taldeen bertsioak jotzea atsegin dutela esan digu.

Aintzat hartu beharreko taldea izango da Bakelite 2012an. Izan ere bi kantuko lehen pausu honek sentsazio onak utzi dizkigu, basamortuko harea beroak mihi-gainean uzten duen gisakoa.

Honatx bi kantuak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button