
Kapitalismoak bere aberastasunaren beraren iturri biak suntsitzen ditu: gizakia eta natura esaldiarekin abiarazi nahi izan du Nuria Perez-Carcamo artistak Res-incerta erakusketa Montehermoson. Azaroaren 12ra bitartean izango da ikusgai.
Erakusketaren inguruko hausnarketa sakona ( eta ederra) egin du artistak. Honen hemen lan horren oinarria (eta pisuzko esaldi interesgarriak): “Mendebaldeko gizaki zurien begirada hedatu egin da, kolonialismoa, inperialismoa eta sistema kapitalista lagun, eta harekin batera, baita Historian zehar Mendebaldeko kulturan nagusitu diren ordenak ere. Errealitate horretan murgilduta gaudelarik, ez gara gauza inposatu zaizkigun eskemak aztertzeko, ezta besterik gabe kolokan jartzeko ere, nahiz eta eskema erabat arbitrario, subjektibo eta interesatuak diren.
Komunikabideek eta estatuek narrazio jakin bat eraiki eta inposatu digute, hain zuzen ere lan honetan kolokan jarri nahi duguna, irudien poetika eta dialektika bitarte harreman kontzeptual berriak harilkatzearen bitartez. Irudi horiek harremanetan jarriko dira -formaz eta edukiz- testuinguruz gabetutako zenbait objekturekin, zeinek, hartara, bestelako esangura bat hartuko duten, halako moldean non -inguruko objektuekiko analogiari esker- irudien talkak diskurtso berriak eraikiko diren espazio hutsean. Hartara, ideia sakon eta subkontziente berriak sortuko dira, prozesu ireki eta jarraikor baten baitan, zeinaren emaitzak behin-behinekoak diren beti.
Gure garaikidetasunaren esklabo gara; denborak, uneak eta lekuak baldintzatzen dute munduari buruz dugun pertzepzioa. Praktika artistikoak begirada kritikoa piztu dezake, lan artistikoaren eta errealitatearen aurrean. Proiektu honek nolabait gure testuinguruaz jabetzen lagundu nahi gaitu, pentsamendu kritikoaren bitartez: Kontzientziak aukerak dakartza berekin. Aukerek askatasuna ematen dute”.