
Aurten 30 urte bete dira Arabako lehenengo bertso-eskolak martxan ipini zirela. 1982an Gasteizko eta Aiaraldeko bertso-eskolak sortu ziren. Urte batzuk geroago Aramaio, Agurain, Legutio eta Amurrion ere bai. Eta gero etorri ziren Izarra, Oion, Zalduondo, Araia, Maeztu, Murgia eta Kanpezukoak.
Gaur egun, bertso-eskolak daude Arabako 12 herritan. Bertan, 30 talde daude martxan, eta adin guztietako 190 lagunek hartzen dute parte.
Horietariko askok asteburuari begira jarritako hitzorduez gozatu hala izango dute. Hala, gaur bertan badago zer ikusi Araban bertsogintzari dagokionean. Laudion, adibidez, bertso-jaialdia egingo da Basalarrinan, 19:30ean. Bertsolariak Ainhoa Comas, Serapio Lopez, Paula Amilburu eta Xabi Igoa izango dira.
Zigoitian, Bertsolari filma proiekzioa izango da 19:30ean, gonbidatu berezi batekin: Maialen Lujanbio.
Ostiralean, Gasteizeko Mendizabalako landetan, Arabatakada jaialdiaren barruan, bertso-hopa egingo da Iñaki Viñaspre, Izar Mendiguren, Ander Solozabal eta Iker Pastor bertsolarien konplizitatearekin.
Arabako saioez gain besteren bat begiratu nahi baduzue, hemen klikatu.