
Eguraldi ona bizitzan izeneko erakusketa abiatuko du gaur bertan Zumaiako Oxford aretoan Zuhar Iruretagoiena artistak. Erakusketa urriaren 13ra bitartean ikusi ahalko da.
Francisco Javier San Martín arte adituak dio “proiektu zehatz honekin, hots, gorputza eta espazioa, materia eta energia, gaitza eta sendakuntza gai hartuta, Zuhar dimentsio berria bilbatzen ari dela bere artean. Aurreko lanetan orotan baino gehiago, artea, orain, bihurtu zaio itxuraz arteaz bestekoak diruditen aferak ikertzeko modu bat. Orain interesatzen zaigu azpimarratzea itxuraz arteaz bestekoak diruditen lur horietatik, Zuharrek asmatu duela eskultura sorta bat erauzten, eskultura-instalazio bat, argazki-bilduma bat eta film dokumental bat.
Multzoak Eguraldi ona bizitzan izenburua hartu du, itxuraz poetikoa dirudien izenburu bat, non erakusketen bisitariek jakin izanen baitute aurkitzen esanahi zehatzagoa”.
Proposaturiko zenbait eskultura egiteko gorputz-atal jakin batzuen moldeak baliatu ditu artistak, hala nola, begia, ahoa, lepoa, sabela, oina…
Hala, lau pieza aho-zuloaren posizio ezberdinen arabera moldatuak izan dira, eta beste hainbeste, bizkarrezur-arkutik ateratakoak, hainbat posiziotan eta zenbait flexio eginez. Eskulturak giza eskalan daude eginak, eta ez bakarrik tamainan.
Beste batzuetan kuartzo eta amatista-kristalak nahastu ditu hodeiekin. Trinkoa dena eta iragankorra denarekin nahastuta. Hurrengo obra pieza-desmuntatze bat da, … , zafla eroriak nonahi, …dokumental bat ere badago denborari eusten dion hari narratibo bat izan nahi duena, finean, moztutako diskurtso baten zatiak.
Hementxe berari eginiko elkarrizketa.