
Aurten, Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka izena izatetik, Durangoko Azoka izatera pasatu den kulturaren eztanda, abenduaren 5etik 8ra abiatuko da bere 48. edizioan.
Aurten berrikuntza asko dago, izan ere guneen kokapen berria aurkeztu zuten duela aste batzuk Gerediaga Elkarteko kideek. Hortaz, aurten, herriko hainbat txokotan antolatutako ekimen asko, muntatu dituzten zortzi gunetan (Areto Nagusia, Ahotsenea, Kabi@, Irudienea, Saguganbara, Plateruena, Szenatokia eta Azoka TV), bideo, irudi eta musikarekin gozatu ahalko da.
Guztira, 48. Durangoko Azokak 353 nobedade eta 130 ekitalditik gora eskainiko ditu abenduaren 5tik 8ra. Hauetatik gehienak liburuak (226), gero diskoak (68), aldizkariak (36), bideoak (5) eta bestelako materialak (18) izango dira. Azokan 122 partaidek (argitaletxe, diskoetxe, banatzaile, elkarte eta erakundek) hartuko dute parte, eta 238 stand egongo dira.
Nobedadeen artean, sortzaile handienen lanak topatuko ditugu Durangon (Bernardo Atxaga, Joxean Agirre, Leire Bilbao, Koldo Izagirre, Karmele Jaio, Miren Agur Meabe, Su Ta Gar, Zea Mays, Anari, Arkada Social, Audience, Bide Ertzean, Gari, Ken Zazpi, Fermin Muguruza, Ruper Ordorika, besteak beste).
Irakurtzeko asko egongo da Azokan, urtero bezala, liburu berri asko plazaratzen baitira egun hauetarako, baina irakurtzekoaz gain, zer entzun dezente ere egongo da. Izan ere, musika izango da, Durangoko Azokaren 48. edizioaren eskaintza nagusienetakoa, eta horretarako 50 zuzeneko baino gehiago eskainiko dira Ahotsenean eta Plateruenan.
Eskozia izango da aurtengo herrialde gonbidatua. Durangoko Azokak Eskoziako (Alba, eskoziar Gaeleraz) kultura eta hizkuntza propioa ezagutzeko aukera eskainiko du aurten, alde kulturalean zein politikoan. Mahai-ingurua izango da Eskoziatik Euskal Herrira: Europako autodeterminazio izenburupean.
Beste aldetik, urtero banatzen den Argizaiola saria William A. Douglass antropologo amerikarrari emango dio Gerediaga Elkarteak.
Horretaz gain, mahai-inguru, hitzaldi eta prentsaurrekoentzako lekua ere izango da.
Denetarik, euskaraz, eta guztiontzat. Joan eta gozatu!



