
Lourdes Fisa (Bartzelona, 1964) artistak Eutopia izenburuko pintura-erakusketa paratu du Bilboko Vanguardia galerian, 2014ko urtarrilaren 1era arte. Erakusketaren izenburuak Thomas More idazle ingelesaren Utopia (1516) liburua aipatzen du; izan ere, liburu horretan irla formako nazio batean ezarritako gizarte-antolaketa ideial bat aztertzen da.
Artista katalanari, halaber, grezierazko eutopia kontzeptua interesatzen zaio: leku ona, amestutako tokia, itxuraz ezinezkoa dena, oraindik existitzen ez dena, baina existitu beharko litzatekeena. Moreren liburutik eta aipatutako eutopia kontzeptutik abiatuta, burutu du Fisak Bilboko erakusketa.
Fisa Arte Ederretan lizentziaduna da Bartzelonako Unibertsitatean; bekaduna ere izan da zenbait zentrotan, tartean, Chicago hiriko The School of the Art Institute-n. Bere obra hainbat bildumatan dago jasota, bai pribatuetan, bai instituzionaletan: Joan Flasch Artist’s Book Collection, Parisko Sorbonne Unibertsitatean edo Alemeniako Wolfenbüttel hiriko Herzog August Bibliothek, besteak beste.