
Atzo, Rekalde Aretoan, Raul Dominguez (Barakaldo, 1984) artista gazteak 2013. eta 2014. urteen artean egindako marrazki bildumaren erakusketa aurkeztu zuen.
Lanak ikusi eta lehen golpean, artistak egin eta desegiteko, marraztu eta ezabatzeko, eta beltzarekin zikintzeko joera handia duela atzematen da, “ez dakit zer gertatuko den amaitzen dudanean, zer lortuko dudan”; horrela, batzuetan,ustekabeko emaitzak lortzen ditu, bat-batekoak sortzen baititu.
Izan ere, gogo-aldarte bat izaten da beti abiaburua, hots, gogo edota izpirituaren arabera lantzen ditu bere lanak, “ batzuetan erabat nekatuta nago, amorratuta, eta alde egin behar dut estudiotik, baina hurrengo egunean beste begi batzuekin ikusten duzu obra hori, eta beste era batean lantzen duzu”.
Paper batetik bestera eramaten du dena, irudia ahalik eta gehien fintzeko, “ehun eta piko marrazki txiki egin ahal ditut, nik nahi dudana lortzen dudan arte”
Arkatza, ikatz-ziria, olioa, urez bustitako brotxak erabiltzen ditu marrazteko, eta naturarekiko ardura agertzen duen arren, batzuetan, pertsonaz eta topografia bereziekin hornitzen ditu bere lanak. Paisaia abstraktuaren eta figurazioaren artean mugitzen dira Raul Dominguezen lanak, eta naturaren maila desberdinak irudikatzen dituzte, maiz pizgarriak diren bilaketen eta azterketen bidaia bati ekiteko gure begiradak begietsi ahal dituen tokiak eta lurrak.
Raul Dominguez (Barakaldo, 1984) Arte Ederretan lizentziaduna da UPV/EHUtik. Marrazketa da bere praktika artistikoaren ardatza, baina, naturan eta ingurumenean espezializatutako irudigile gisa, hainbat argitalpen zientifikorekin aritu da lankidetzan, ingurumen- eta arte-hezkuntzako proiektuetan hartu du parte, ikastaroak eta tailerrak eman ditu -adibidez, Dibujo Radikal, Rosa Parmarekin batera, Bilboko Puerta Espazioan (2014)- eta informazio-taulak irudiztatu ditu.
Hainbat beka eskuratu ditu, bestak beste, Bizkaiko Foru Aldundiaren Arte Bisualetarako Beka (2014) eta Eusko Jaurlaritzaren Sorkuntza Artistikorako Beka (2012).



