ESZENA

“Zu gabe” antzezlana Mikelazulo kultur elkartean

Atea teatroak Alex Tellok idatzi eta zuzendu duen Zu gabe antzezlana eskainiko du Errenteria/Oreretako Mikelazulo kultur elkartean ZIZT! antzerki egitarauaren barruan, abenduaren 13an, igandean, 19:00etan. Oholtza gainean Anabel Arraiza eta Inazo Tolosa bilduko dira.

Zu gabe bi pertsonen arteko gau bateko elkarrizketa da. Gogoeta unibertsalak partekatuko dituzte eta ikuslea une askoetan identifikatuta aurkituko da.
“Nahi baino lehenago banandu ginen eta bizitzarekin aurrera jarraitu behar izan nuen, zu gabe. Eta justu orain, gehien behar zintudanean azaldu zara…”. Pertsonaiek partekatzen duten elkarrizketan zehar gatazka asko azalduko dira. Belaunaldi ezberdinetatik gizartea, familia eta norbanakoari egindako begiradaz, bizitzaz eta heriotzaz hausnarketa egingo dute.

Zumetaren irudiekin eszenografian, Xabier Lozanoren argiztapen diseinuarekin eta Bap!! eta Mikel Laboaren musikarekin aurkeztuko da Alex Tellok helduentzako idatzi eta zuzendutako obra. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button