BERTSOTAN

“Goresmenak Xalbadorri” izeneko erakusketa abian, Zarauzko Photomuseumen

Aldi-baterako erakusketa berria inauguratu dute Zarauzko Photomuseumen: Goresmenak Xalbadorri. Ferdinand Aire Etxarteren figura gogoratuko duen erakusketa urriaren 13ra bitartean izango da ikusgai.

Ferdinand Aire Etxartek bere baserritik hartu zuen Xalbador ezizena. Urepelen jaio zen 1920an, eta herri berean zendu zen 1976ean. Handienekin hasi zen bertsolaritzan, Basarri, Uztapide eta Mattin bertsolariekin. Eta haiengandik asko ikasi zuen, eta ondorioz, Ipar Euskal Herriko bertsolaritza sendotu eta ezagutzera emateko lan handia egin zuen.
Adituek diotenaren arabera, “Xalbadorren bertsoak eredu dira hainbat arrazoiengatik: hitzak aukeratzeko trebeziagatik, bere lirismoagatik, gai unibertsalak edo sentimenduak jorratzeko abileziagatik edota metaforak sortzeko gaitasunagatik”. Seriostasuna eta malenkonia ordezkatu izan zituen anitzetan; bizitza, familia, baserria, fedea eta natura izan zituen bertsoetako gai. Mattinekin batera, Ipar eta Hego Euskal Herriko bertsozaleak elkartu zituen. Euskaltzain ohorezko ere izendatu zuten 1977an. Bere garaiko bertsolari txapelketa eta sariketa gehien-gehienetan parte hartu zuen. 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen, Uztapiderekin batera, eta bigarren amaitu zuen, baina ikusgarria izan zen oso han gertatu zena.
Bere kantak eta idatziak hainbat liburutan ere agertu ziren. Bereak dira Ezin bertzean, Herri gogoan, eta Odolaren mintzoa gogoangarriak.

Xalbadorren unibertsoan murgiltzeko asmoz, erakusketak hainbat alor jorratuko ditu. Lehen zatia bere familiaren, lagunen eta sorlekuko irudiez osatuta dago. Geroago, bertsolari mundua agertuko zaigu, lagunekin, plazaz plaza, edo txapelketetan. Azkenik, hirugarren atal batean  1976ko azaroaren 7an antolatu zen omenaldia eskaintzen da.

Zarauzko Photomuseumek dioenez, “esposizio honetara hurbiltzen den ikusleak argazkien eta bestelako elementu dokumentalez lagunduta, Xalbador hobeto ezagutzeko aukera izango du”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu