BERTSOTAN

Gazteei plaza emateko xedez, Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketa martxan

Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren XXVIII. edizioa Onintze Ituño BBK-ko gizarte ekintzako zuzendariak, Juanjo Respaldiza Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arduradunak, Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariak eta Eneko Abasolo Abarkas bertsolariak aurkeztu dute gaur goizean, Bilbon.

Bizkaian harrobia badago, eta horri irteera emateko, eta bertsolaritzaren ekosistema elikatzeko, gazteei plaza bat eskaini nahi zaie, lehen bertso-saioak lotsa eta beldur barik egin ditzaten, lagun berrien inguruan eta ondo babestuta.
Hala, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eta Ikastolen Elkartearen laguntzarekin, BBK-k antolaturiko txapelketa bihar bertan abiatuko da Barakaldon, eta martxoaren 26an amaituko da BBK aretoan egingo den final handiarekin.
Indarrez lehiatzeko Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri/Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea Artibai, Uribe Butroe eta Uribe Kosta eskualdetako bertsolariek hartuko dute parte.
Guztira 48 parte-hartzaile lehiatuko dira (zortzi taldek hartuko dute parte, eta bakoitzean seina bertsolari ariko dira).
Martxoan izango dira saioak, eta lau sailkatze-saio izango ditu txapelketak: Barakaldon (martxoak 3), Igorren (martxoak 4), Mungian (martxoak 9) eta Markina-Xemeinen (martxoak 11). Finalaurrekoak Iurretan eta Sopelan izango dira, martxoaren 16an eta 18an, hurrenez hurren, eta final handia martxoaren 26an, Bilboko BBK Salan. Aurten kantaera onena duen bertsolariari saria emango zaio esplizituki.

Txapelketaren publikoa gazteak izango dira, euren aurrean antolatuko baitira saioak, eta horrek garrantzi handiko kontua da, bertsoaren mundua zertan den eginez eta entzunez ikasten baitute. Gainera ekimenak berebiziko inportantzia du, bertan bertsolari askok bertsoaren munduan lehen pausua emango baitute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button