LITERATURA

Eneko Aizpuruak irabazi du Tene Mujika Saria

Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko Tene Mujika Sariak. Aurten, Eneko Aizpurua idazle lazkaotarrak irabazi du  Tene Mujika beka, Bidasoa ibaian gora egindako bidaia baten harira memoria kolektiboan lekua duten edo izan behar luketen hainbat istorio kontatzeko proiektu batekin. Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Aitor Zuberogoitiak osatutako epaimahaiak aukeratu dute eta orain urtebeteko epea izango du egileak lana burutzeko.

“Bidasoa pasabide naturala da, baina baita bi estatu bereizten dituen muga ere, eta horrek esanahi berezia eman dio historian zehar, era askotako gertakarien lekuko eta kokaleku bihurtu baita. Horietako hainbat gogoratuko ditu egileak, oinez hainbat egunez egindako ibilbidean barrena. Adibidez, Guardia Zibilak Intxaurrondoko kuartelean heriotzaraino torturaturiko Mikel Zabalzaren gorpua Endarlatsan agertu zenekoa, edo handik zenbait urtetara ETAk paraje berean Eduardo Lopez polizia bonba batez hil zuenekoa; frankismo garaian pertsonen muga-igaroleku ilegal eta arriskutsua izan zen, eta ahalegin horretan bertako uretan itota hil omen ziren ehunka lagun, gehienak portugaldarrak; Pio Barojak eta Aitzolek gerra zibilaren hasieran Beratik Lesakara bidean topo egin zutenekoa kontatuko da, baita gerra zibil horrexetan inguru horretan gertatu ziren fusilamendu ugariak ere, edo gerraostean esklabo behartuek egindako herri-lanak oroitu, beste gai askoren artean.”

Eneko Aizpurua Lazkaon sortu zen 1976an. Zuzenbidea ikasi zuen, eta gaur egun itzultzailea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Orain arte hiru nobela kaleratu ditu, genero beltzekoak gehienbat: Errauts (2011), Herensuge gorriaren urtea (2013) eta Lehertu da festa (2016).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button