
Madrilgo Teatro de la Danza konpainiak El lenguaje de tus ojos obra taularatuko du, urriaren 17an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 20:00etan; antzezlana El Principe travestido (Pierre de Marivaux) testuaren moldaketa da.
Cristina Castaño, Rebeca Valls, Iker Lastra eta Jacobo Dicenta aktoreek antzeztuko dute obra, eta Amelia Ochandiano da zuzendaria; ondokoa kontatzen du: “Gaztelako printzeak Bartzelonako printzesari egin dio ezkontza-eskea, bi erresumak batzeko asmoz. Baina printzesa Lelioz maitemindurik dago, bere armadako buruzagiaz; hark, ordea, ezin du ahaztu Hortensia, printzesaren laguna eta gizon hartaz maitemindu da bera ere. Hortensiak bere nahiaren kontra eta printzesari laguntzeko borrokatu beharko du, hori denentzat ona delakoan, beretzat izan ezik. Gainera, Hortensiaren zerbitzaria, Arlequin, tirabira horien guztien erdian geratuko da, eta dena bere asmamenari eta bere umore-senari esker konpontzen saiatuko da”.
Testu klasikoan oinarritutako lan garaikidea da, hizkuntza landu, zuzen, eder eta harrigarriarekin jantzia. Hala, testu klasiko hori baliatuta, konpainiak gure buruari zuzendutako obra basati bezain dibertigarria taxutu du. Antzezlanaren erritmoa, gainera, oso bizia da zarzuela edo musikalaren antzekoa.



