ESZENA

“Zorretan” euskarazko pieza Erriberriko 26. Antzerki Jaialdian

Erriberriko 26. Antzerki Jaialdiaren proposamenak uztailaren 18tik abuztuaren 3ra arte egingo dira eta guztira Argentinatik, Frantziatik, Andaluziatik, Gaztela eta Leondik etorriko direnen 40 emanaldi (musika, dantza, zirkua, performancea edo antzerkia) bilduko dira. Euskal Herriko taldeak ere ez dira faltako, eta gaur berton, euskaraz programatu diren bi lanetarik bat egingo da: Hika Teatroaren Zorretan pieza.

Hika Teatroaren Zorretan ekoizpena (Donostia 2024 Saria) antzeztuko da euskaraz, Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean eta Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza eta Javier Barandiaran antzezleekin. Hauxe duzue lanaren korapiloa: “Emakumea eta gizona bikote dira aspalditik. Gaur emakumea aztoratuta iritsi da etxera. Amarekin telefonoz hitz egin du eta beraiekin bizitzera datorrela ulertu dio. Uste du hori dela bere egonezinaren arrazoi eta etxera iristean, gizonari kontuak eskatzen hasiko zaio. Hau ere ez dago bere onenean, ordea. Egun handietarako erabiltzen duen gorbata berdea aurkitzen saiatzen ari da eta urduri dago. Are urduriago emakumeak berea den pijama soinean duela jantzita ikustean. Joan egin behar du, baina ezerk ez dirudi lekuan. Etxea aldrebestuta izateaz gain, badirudi bizitza dela aldrebestu zaiena. Emakumea normaltasunera itzultzeko borrokan ari da, baina lur azpian hondoratzen ari dela sentitzen du eta eusteko moduan daukan esku bakarra amarena omen. Emakumeak, ez du nahi eta uko egiten dio hori horrela izateari. Nahiago lur azpian bizi azal lodiko sator bihurtuta amarekin baino”.

Abuztuaren 2an, 19:00etan, Victoriano Flamarique plazan, Harreman konpainiaren Enbor(r)ak antzezlana antzeztuko da, dantzarekin bat egiten duen antzezlana.

Honako leku hauetan egingo dira jaialdiak programatu dituen ikuskizunak: La Cava, Errege Jauregia, Teobaldoen plaza, Karlos III. Noblearen plaza, Enozentrum, Musika plaza eta San Frantziskoko eskola zaharrak, Erriberrin; Kondearen parkea eta Tafalla Kulturgunea, Tafallan; Victoriano Flamarique plaza, Beiren; Elizaren plaza, Pitillasen; eta San Martin de Unx plaza. Horrela, jarduerak espazio publikoetara eramatearen eta jaialdiak Nafarroako lurraldean duen presentzia zabaltzearen aldeko apustua mantentzen da.

Jaialdiak musika-programazioa ere badakar, eta hala, abuztuaren 1ean, Gorka Urbizuk kontzertua egingo du Erriberriko Errege Jauregian, 20:30ean. Horrez gain, abuztuaren 3an, 19:30ean, Broken Brothers Brass taldeak joko du.

Erriberriko 26. Antzerki Jaialdiaren gaineko informazio guztia, hemen.

Show More

Related Articles

Back to top button