
Azkuna Zentroak Donostiako Zinemaldian aurkeztu diren filmen hautaketa bat pantailaratuko du gaurtik aurrera. 11 filmek osatuko dute aurten urriaren 3an amaituko den zikloa. Asteburuan haurrentzako animaziozko bi film ere izango dira goizean euskaraz, eta bi saio arratsalde bakoitzean.
Antolatzaileek gogoratu dutenez, “hautaketa honek zuzendari ospetsuen eta zinemagintza ulertzeko modu askotako belaunaldi desberdinetako zinemagile berrien tituluak konbinatzen ditu”.
Josefina (2021), Javier Marco zuzendariaren opera prima, izango da Azkuna Zentroan Zinemaldiaren astea inauguratuko duena. Emma Suarez eta Roberto Alamo protagonista dituen bakardadeari buruzko istorioa da hau. Asteartean Julia Docournauren Titane (2021) filma, aurtengo Cannes Zinelmaldian Urrezko Palma jaso zuena, pantailaratuko da.
Gainera, hiru zuzendari hasiberriren lana programatu da: Noemi Merlant aktorea, Mi iubita, mon amour (2021) ezinezko maitasun istorioarekin; Laura Wandel Un monde (2021) bullying-i buruzko film hunkigarri batekin; eta Tea Lindeburg daniarra, Du som er i himlen / As in Heaven (2021) filmarekin; zailtasunak dituzten emakumeei buruzko istorio bikaina, fedearen galerari buruzkoa.
Zuzendari beteranoen artean, Laurent Cantet-en Arthur Rambo (2021) filma hautatu da; François Ozon zuzendariak Tout sést bien passé (2021) filma aurkeztuko du; eta Xavier Giannoliren Les illusions perdues (2021) filma ere bai. Emanuel Pârvu zuzendariaren Marocco (2021) ere proiektatuko da.
Eta goian adierazi dugun moduan, haurrek lehen aldiz gozatu ahal izango dute aurten zikloaz hainbat filmarekin.