LITERATURA

Bilboko Liburu Azoka aste honetan hasiko da

Gaur, maiatzaren 31an, Javier Alcíbar musikari eta olerkariak Poemas para no volver bere liburua aurkeztuko du Bidebarrieta liburutegian, aurtengo Bilboko Liburu Azokarako sarrera gisa. Idazle bilbotarrak Blanca Sarasua, Pedro Ugarte eta Pablo Mendez izango ditu lagun aurkezpen horretan.

Azoka bera, ohikoa denez Areatzan kokatuko dena, asteazkenean aurkeztuko da Abando hotelean, eta ostegunean 13:30ean zabalduko da.
Areatzako karpan, liburu-postuen ondoan, ekitaldi ezberdinak izango dituzue egunero: liburu aurkezpenak, topaketak, sinaketak, ipuin-kontalariak…
Egunero ere kultur topaketak izango dira Bidebarrieta liburutegian.

Bihar, hilak 1, Alan Parks eta Felix Linares arituko dira, izan ere, Liburu Azokako Zidarrezko Luma jasoko du lehenak eta Bobby March vivirá para siempre liburua aurkeztuko du. Hurrengo egunean ere, maila handiko idazle batek, Rosa Monterok, Bidebarrieta bisitatuko du, bera baita aurtengo Atea Sariaren irabazlea.

Ostiralean ere, egun interesgarria izango da. Kirmen Uribe Izurdeen aurreko bizitza liburuaz mintzatuko da Idoia Jauregirekin.  Liburu Azokaren edizio honetako Zilarrezko Luma Saria berarentzat izango da. Lan horretan hiru istorio gurutzatzen dira: “Edith Wynner feministak Rosika Schwimmer aktibista, bakezale eta sufragistari eskaini zion amaitu gabeko liburuaren patua, Bakearen Nobel sarirako hainbat aldiz izendatua izan zena, eta XX. mendearen lehen erdian bi emakume bikain horien arteko harremana; gaur egungo New Yorkeko euskal familia emigrante baten bizipenak, Trumpen garaiaren amaiera ekaiztsuaren mami politiko eta sozialarekin, eta bi neskatoren arteko adiskidetasunaren oroitzapenak, hirurogeita hamar eta laurogeiko hamarkadetan narratzailea emakume iraultzaile talde batekin batera hazi zen kostaldeko herri txikian.”

Ekinaren 9ra arte makina bat kontu izango duzue Bilboko Liburu Azokan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button