Ur Apalategiri poemak eta bi nobela irakurri izan dizkiogu. Duela hilabete batzuk kaleraturiko Fikzioaren Izterrak da, beraz, bere aurreneko ipuin liburua. Eta esan egin behar dugu: asko gustatu zaigu. Bestelakoak dira, freskura ikaragarria darie.
Zazpi ipuin hauek fikziozkoak izan arren, errealitate hurbilaren ispilu dirdiratsuak dira. Bikotea batetik, idazletza bestetik, horra Fikzioaren Izterrak (Susa) ipuin liburuan obsesiboki txirikordatzen diren hari nagusiak.
Berarekin izan gara solasean bestelako gakoak eman diezazkigun. Hona hemen.
Nobelagilea zinen. Orain ipuingile. Aldaketa berariaz eginikoa izan da?
Ez. Aldaketak neu ere sorpresaz harrapatu nau. Oharkabean hasi naiz ipuin liburua osatzen. Ohartu naizenean (liburuaren erdia idatzita edo) modu kontzienteago batean lotu natzaio liburua osatzeari. Halere, erretrospektiboki, uste dut behar sakon bati erantzuten ziola aldaketak. Beharbada nobelarekiko nekea sentitu dut. Nobela makina astuna da, den-dena eraiki beharra dago, (dekoratuak, pertsonaiak, intriga, eta abar.), den-dena deskribatu beharra dago, planifikatutako lan luzea da. Konparakuntza bat onartzen bazait, nobela bat idaztea armada handi batekin kanpaina militar bat eramatea bezala da (azkenerako antolakuntza lan administratiboak gaina hartzen dio inspirazioari); ipuinak idaztea gerrilla baten buru ibiltzea bezalakoa da (anarkia pixka bat, erromantizismo asko). Horrez gain, okerragoa dena, nobela idaztean best-sellerraren eredua nahi ala ez buruan daukazu (arrakastatsua izateko obligazioa). Eta hori oso presio nekagarria da, neurri batean kreatibitateari kalte egin diezaiokeena. Ipuinei heltzean, ez denez genero erregea, bada erlaxatuago zabiltza. Ez du esan nahi exigentzia gutxiago izan dudanik. Aitzitik. Baina bai best-sellerraren mamu horren begiradatik aske. Ipuin-liburuak ez dauka inoiz best-sellerra bihurtzeko bokaziorik.
Ipuinez betetako liburua ekarrik duzu oraingo honetan. Fikzioaren izterrak titulua baino ez da?
Izenburua liburuaren esentziaren laburpen bat da. Esaten da orgasmora iristeko zona erogeno nagusia burmuinak direla. Bada, nik uste dut burmuinak estimulatzeko erabiltzen dugun tresnarik indartsuena fikzioa dela. Dena fikzionatuko ez bagenu (bizitza sentimentala, politika, eta abar.) asperdurak akabatuko gintuzke. Eskerrak hitzak asmatu ditugula errealitatea fikzio bihurtzeko, errealitatea eramangarri egiteko.
Euskal edota euskaldunon errealitate “fikzionatua” idatzi duzu, ia modu obsesiboan. Hori zen hasierako helburua?
Hasieran ez zegoen helbururik, lehen esan dudan moduan. Ipuin bakoitzaren abiapuntuan ideia-sentimendu bat dago, nire baitan haziz joan dena, haziz, harik eta aterabide bat eman behar izan diodan arte. Barrutik usteldu ez nintzan. Eta idatzi ahala ohartzen naiz nire betiko obsesioen inguruko ideia-sentimenduak direla: bikote harremanak, euskaduntasuna… Euskaldun izatea etengabe berrasmatzen ari garen zerbait da, behin eta berriro berritzen dugun autodefinizioa, eta aldaketa horiek kirikatzea, aldaketa horiei buruz gogoetatzea, modu kritikoan begiratzea, gauza osasungarria iruditzen zait (baita dibertigarria ere).
Euskara, bikoteen tentsioak, erotikotasuna, idazleak, sexua,… Guztiak batera modu ironikoan uztartu dituzu. Baina, euskarak erotika ahal dauka?
Jakina baietz. Baina oso serioski diotsut hori. Euskalduntasunak, munduko identitate arazotsu edo periferiko guztiek bezala, berezko erotikotasun bat dauka. Gauza queer-a da, euskaldun izatea. Asko kexatzen gara, eta badago noski izugarrizko sufrimendu fisiko eta morala jasan duenik euskalduntasuna defenditzeagatik (edo honen kontra aritzeagatik) baina, gainontzekoan, nik uste zorte handia dela halako arazoarekin bizitzea, arazoak “interesgarri” bihurtzen gaitu, gure nartzisismoa elikatu egiten du. Foucault-ek esango zukeen moduan, “geure buruaren kezka” edukitzea arrafinatzeko eta zibilizatzeko modu ona da. Geure konplexutasun identitarioaz harro egon beharko genuke, arruntasunetik atera baikaitu kolektiboki.
Literatura bera, sistema bezala ere tratatzen da hainbat ipuinetan, parodia patetikoz beterik, bere miseriak haizatu nahiko bazenitu bezala.
Egia esan, ez dut uste literatur munduaren esklusibitatea denik patetikotasuna. Giza kondizioaren ezaugarri nagusietako bat da. Gertatzen dena da nik asko idazten dudala mundutxo honetaz (ondo ezagutzen dudalako, dibertigarria iruditzen zaidalako, maite dudalako), baina beste mundutxo batez idatziko banu patetikotasun horixe bera agertuko litzateke nire testuetan. Bestalde, patetikotasuna patetikotasun, nire pertsonaiak ez dira inoiz mespretxagarriak, beti daukate aspektu salbagarriren bat. Kariño handia diet, beraien patetikotasunean.
“Azken urteetan euskal literaturak eman duen ipuin liburu onena da, aurtengo gailurretako bat, eta denbora batean nekez irakurriko dut hoberik” (Iban Zaldua). Zer diozu?
Egun batzuetan merezi duela ohetik altxatzeak.
Ematen du aurrerantzean beste edozein bide bat har dezakezula. Ipuingintzak ase egin zaitu edota estilo horretan berriz murgiltzeko gogoa duzu?
Auskalo. Aurretik ez dakit inoiz ezta idazten jarraituko dudan ere. Idatzi ditudan liburuek egin naute idazle, baina ez dut, haatik, idazteko obligaziorik sentitzen. Nire metodoa oso sinplea da: abstinentzia. Ez dut uste goroldioa datxekionik ibiltzen ez den lumari. Aitzitik, iruditzen zait gehiegi erabiltzen den lumatik tinta beltzaren ordez ur epela ateratzen dela azkenean, alegia diluitu egiten dela adur literarioa. Horregatik, ez dut idazten, harik eta benetan idaztera behartzen nauen gai batek bahitzen nauen arte. Eta hori ezin da aurretik planifikatu. Idaztea salbuespeneko egoera bat da niretzat, abentura bat, ez da ofizioa. Ofizioa balitz interesa galduko luke.