MUSIKA

Euskal taldeen 50 bat kontzertu egingo ditu Zuzen Zuzenean zirkuituak

Gaur goizean aurkeztu dute Zuzen Zuzenean musika zirkuituaren hirugarren edizioa Bilbon. Bertan, Mikel Toral Eusko Jaularitzako Kultura Sustatzeko zuzendaria, Alberto Bocos Kultura Liveko koordinatzailea eta Petti musikaria izan dira.

Eusko Jarularitzak, Kultura Livek eta Euskadiko Soinuakek sustatzen duten musika programaren helburua Euskadiko musika taldeen eta aretoen aldeko apustua egitea da, bestelako profesionalen lana ahaztu barik, hala nola, programadoreak, managerrak, musika enpresak, eta ekoizpen teknikariak.

Aurten ere makina bat kontzertu egingo dituzte urte osoan musika programatzen duten Euskal Herriko aretoetan, iazko ereduari jarraiki: “gutxienezko bi taldek jotzeko eskema jarraituko dugu: bertako talde teloneroa edo talde hasi berria eta talde nagusia. Atzerriko talde ezagunen emanaldietan ere euskal talde bat jarriko da”, azaldu du Bocosek.

Zirkuituan parte hartzen duten aretoen artean honako hauek daude: Bermeoko, Ondarroako eta Bilboko Kafe Antzokia, DOKA (Donostia), Helldorado eta Jimmy Jazz (Gasteiz), Subsuelo (Iruñea) eta Totem (Atarrabia). Taldeei dagokienez, zerrenda amaigabea da, batzuk aipatzearren: Ainara Legardon, Delorean, Atom Rhumba, Split 77, Iñaki Salvador eta Zea Mays. Orotara, Euskal taldeen 50 bat kontzertu izango dira.

Mikel Toralen berbatan, horrek guztiak erakusten du “euskal musikak osasun ona duela eta energiaz beterik dagoela, sektorearen krisia gorabehera”. Horrez gain, zirkuituan dagoen koordinazioa nabarmendu du, “euskal kulturan faltan ikusten dugun zerbait baita”.

Aurtengo edizioan badira nobedade batzuk. Esaterako, Pettik zirkuituaren kantua idatzi eta grabatu du. Horrez gain, musikarekin loturiko hainbat ekitaldiz osaturiko egitarau osagarria egingo dute, tartean, hitzaldiak, bigarren eskuko instrumentuak saltzeko merkatu txikiak eta prestakuntza teknikoa jasotzeko saioak.

Zirkuituak atondu dituen kontzertu eta ekitaldi guztien berri hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button