
Bidebarrieta Kulturguneak Bilboko Historiari buruzko XX. Symposiuma jasoko du gaur eta bihar, azaroaren 28an eta 29an. Aurtengo edizioan, hiriaren historia genero ikuspegitik aztertuko da, “era bidegabean historiatik baztertuta geratu ziren emakumeengan zentratzeko”.
Emakumeak Bilboren Historian izeneko topaketen hogeigarren urteurrenean, Bilboren historian emakumeak izan duen lekua azpimarratu nahi da. Horretarako, hogei aditu inguruk hiriaren politikan, gizartean, ekonomian eta kulturan nolabaiteko protagonismoa izan duten emakumeen historia berreskuratuko dute.
Gaur bertan abiatuko den ekitaldian, eta beste saio askoren artean, Mirta Núñez Madrilgo Unibertsitate Complutenseko Gizarte Komunikazioaren Historia saileko irakasle titular eta Oroimen Historiko Katedrako zuzendariak Mujer y represión en la dictadura franquista izeneko hitzaldia emango du.
Asteartea hitzaldiz beteriko jardunaldia programatu da. Hasteko, Eusko Ikaskuntzako Eduardo J. Alonso historialariak, XIX. eta XX. mendeetako emakume enpresariei buruz mintzatuko da. Aurkeztuko diren beste lan batzuk “emakumeek joan den mendeko 20ko hamarkadan Bilboko merkataritzan egin zuten lanean, emakumeek Errepublikaren aldeko Bilboko mugimenduan izan zuten partaidetzan, edo 1820an, Bilbon argitaratutako Carta Pastoral del Primado de las Españas lana euskarara itzuli zuen Bizenta Mogel idazlearen figuran zentratuko dira”. Toti Martínez de Lezea idazle arabarra ere tartean izango da eta berak Otra historia de la mujer vasca hitzaldia egingo du.
Aditu eta hitzaldien nondik norakoa, hemen dituzue.