ESZENA

Uda honetan egin ezazue dantza Aiko Taldearekin

Uda honetan, BBKk eta AIKO Taldeak Bizkaiko hainbat herritara eramango dute dantza tradizionala, eta “kultura garaikide tradizionala ingurune ludikoan, jai-girokoan eta parte-hartzailean sustatzeko, eta horren bitartez gazteenei dantzarako sarbidea eta belaunaldien arteko harremana errazteko gonbitea” luzatuko dute.

Eta hori guztia, BBK Dantzaldi Ibiltaria proposamenari esker egingo da. Bizkaia zeharkatuko duten erromerietako lehen hitzordua zapatu honetan, hilak 25, izango da, Leioan, Aldapa plazan, San Juan jaien barruan. Ondoren, Bizkaiko ia eskualde guztietan egongo da dantzaldi ziklo honekin gozatzeko aukera: Zornotzan, uztailaren 9an; Markinan, 24an; Bermeon eta Plentzian, abuztuaren 6an eta 30ean, hurrenez hurren; eta irailaren 2an eta 3an, Trapagan eta Erandion.

Proposamen horren bitartez, antolatzaileek “sustrai tradizionaleko musikaren eta dantzaren zabalkundea sustatu gura dute, ondasun sozial eta kultural komun gisa, eta, horrez gain, ondare kulturala transmititzen eta mantentzen lagundu gura dute, musika eta dantza tradizionalen erabilera aisiako jarduera moduan normalizatuz. Jarduera kolektiboa eta doakoa denez, helburua belaunaldi guztietako partaideak erakartzea da, familiak, helduak eta baita adinekoak ere, belaunaldi gazteak ahaztu barik.”

Dantza egin nahi baduzue, herri horietako plazak dantzarako gune bihurtuko dira uda honetan, eta jotak, jauziak, txotiak, polkak, mazurkak, balsak, ingurutxoak, eta abar dantzatuko dituzue, beti ere, Sabin Bikandi (txistua eta danbolina), Alvaro Garcia (gitarra), Txus Aranburu (akordeoia) eta Amaiur Cajaravilleko (kontrabaxua) AIKO Taldeko musikarien laguntzarekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.