ESZENA

50 konpainia Leioako XVI. Umore Azokan

Maiatzaren 21etik 24ra egingo da Leioako Umore Azoka kale arteen jaialdia.

Zenbakien dantza dago aurtengo Umore Azokan, izan ere, 50 konpainia hurbilduko dira Bizkaiko herrira, 17 euskal konpainia izango dira, 24 estatuko eta nazioarteko 9. Horiek guztiek 170 emanaldi egingo dituzte, eta horietarik asko estreinaldi izango dira, 22, hain zuzen ere.

Iban Rodriguez Leioako alkate ordeak aipatu duenez, “jaialdi-azokaren helburuak honako hiru dira: Alde batetik, kaleko industriaren garapena indartu, esparru didaktiko eta komertziala zabaldu, eta kaleko artistek duten garrantzia nabarmendu”.

Umore Azokaren hari umoreak lotzen duen arren,  ez da diziplina bakarrera mugatuko, eta hala, dantza, antzerkia, clowna eta musika oinarri duten emanaldiak ere izango dira.

Jaialdian izango diren 17 euskal konpainiek aniztasuna zabalduko dute herriko kaleetan, eta lan asko (12) estreinatuko dute Leioan: Cielo Raso konpainia, Colectivo Hiriko taldea, Dantza Konpainia, Dikothomia konpainia, Ékoma Teatro, Ertza Dantza, Gaitzerdi Teatro, La Pez taldea, Muyuyai taldea, Rouge Eléak, Twisting the balance eta Zirkozaurre.

Sorkuntza bultzatzeko ere sortu zen Umore Azoka, eta horrexegatik, hainbat konpainiarekin kolaboratzen du, haiek behar dituzten baliabideak izan ditzaten. Taldeei entseguak egin ahal izateko espazioak eta paseak egiteko aukera eskaintzen dituen kolaborazio hitzarmenak ere egin dira.

Sariak dira promozioa laguntzeko beste bideetariko bat, eta hiru dira aurten Umore Azokak banatuko dituen sariak. Kale ikuskizunik onenaren saria (trofeoa eta diploma), Euskadiko kale ikuskizunik onenaren saria (trofeoa eta diploma), eta Artista/Ikuskizun Berririk Onenaren Saria (hurrengo ikuskizuna sortzeko Hamekan erresidentzia).

Horretaz gain, hainbat ekintza paralelo programatu dira jaialdiaren inguruan.

Datu guztiak, ordutegiak, konpainien lanak eta abar, Umore Azokaren webgunean ikusi ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button