IKUS-ENTZUN

“Punto de Vista” Nafarroako dokumentalen jaialdiaren 8. edizioa prest da

Otsailaren 19tik 24ra bitarte egingo da Iruñean Punto de Vista Nafarroako Zine Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren zortzigarren edizioa. Aurten hamar herrialdetatik iritsi diren 17 film lehiatuko dira sekzio ofizialean.

Aurten ere, fikziozkoa ez den zinema berritzaileenaren alde egingo du nabarmen jaialdiak, Jem Cohen, Laila Pakalnina, Kevin Jerome Everson, Sylvain George edo John Smith zinegileen lanen bitartez, besteak beste. Filmak Saide Carlos III eta Civivox Condestable aretoetan proiektatuko dira.

Horretaz gainera, Thomas Heise zinegile alemaniarraren eta Eduardo Coutinho brasildarraren atzera begirakoak ere izango dira.

Zinegile nafarrek ere bere tokia izango dute, Procesos izeneko atalean. Bertan, dokumentalak edo fikziozkoak ez diren filmak egiten ari diren zinegileen lanak izango dira aztergai.

Jaialdiaren ohiko atalak ere izango dira aurten, tartean, La región central, Heterodocsias, edo Proyecto X Films.

Azkenik, Saio bereziak izeneko atala ere izango da ikusgai. Bertan, New york hiriko Alan Berliner First Cousin Once Removed azken filma ikusi ahalko da, bai eta Victor Iriarte euskaldunaren Invisible ere.

Jaialdiaren inguruko xehetasun guztiak puntodevistafestival.com webgunean jasotzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button