IKUS-ENTZUN

Punto de Vista jaialdiaren hogeigarren urteurrena

Apirilaren 20tik 25era, Iruñeko Punto de Vista jaialdiak 66 saio burutuko ditu, proiekzioak eta jarduera paraleloak (zinemagileekiko topaketak, jarduera profesionalak, familientzako ekimenak eta musika-proposamenak) kontuan hartuta. Hori guztia  bere hogeigarren urteurrenean antolatu da.

Sei egunez, Punto de Vistak 90 film inguru eskainiko ditu eta bertan proiekzioak, topaketak, hausnarketarako espazioak eta publiko desberdinentzako proposamenak bilduko dira, eta “sorkuntza, pentsamendu eta elkartrukerako funtsezko gune” bilakatuko da. Programazioa sei atal handitan banatuko da: Sail ofiziala, Fokuak, Lan, Ricercata, X Films eta Txinparta.

Amerika, Asia, Europa eta Afrikako 19 filmek (zazpi film luze, film ertain bat eta hamaika film labur) osatuko dute Sail ofiziala. Mundu-mailako lau estreinaldi, nazioarteko estreinaldi bat eta estatu-mailako hamalau estreinaldi lehiatuko dira sari nagusiak lortzeko.

Saio guztiak Baluarte, Golem zinema, Nafarroako Unibertsitatea Museoa, NUP, Nafarroako Filmoteka, Oteiza Museoa, Civivox Condestable, Civivox Pompelo eta Civivox Mendillorri aretoetan gauzatuko dira, besteak beste.

Zinemaz gain musikak ere presentzia izango du jaialdian, eta DJ saioak eta Radio 3 irratian zuzeneko emanaldiak izango dira. Artista hauek parte hartuko dute, besteak beste: Anavi, Celia Carrera, Adrian Alegria, Love’n’Joy, Masquepop, Bernal, Comic Sans, Hondora eta Annie Wonder.

Egunez eguneko informazio xehea: Punto de Vista.

Show More

Related Articles

Back to top button