ESZENA

Nor naiz eta nondik nator?

Larunbatean, urtarrilak 27, Berako kultur etxean, Compagnie des Vents et Marées taldeak Origenes antzezlana egingo du. Oroimena galdu duten pertsonak dira ardatz lan ikusgarri horretan.

2016ko urriaren 24tik azaroaren 3ra arte, Des Vents et Marées Hendaiako konpainiak egonaldi artistikoa izan zuen Berako kultur etxean (Donostia2016 Europako Kultur Hiriburuko Mugalariak programaren barrenean). Egonaldi honen barruan, hiru mediazio saio izan zituzten, memoria solasgai, Berako San Jose zahar etxe eta Jubiloteka zerbitzuko lagunekin. Konpainia honek antzeko egonaldiak izan zituen Hendaian eta Zizur nagusian, adin ezberdineko pertsonekin. Egonaldi hauen guztien ondotik Origenes antzezlana sortu zuten eta hainbat lekutan taularatu da: Gayarren (Iruñean), Zizur nagusian, Hendaian… eta orain Beran ikusteko aukera egongo da.

Alexia Papantchevek sortutako ikuskizuna oroimena galdu duten pertsona batzuei egindako elkarrizketak abiapuntu hartuta egin da. Lehen ama bikaina zen, superra. Egun batean, ikaragarrizko istripua izan zuen. Dena ahantzi zitzaion, baita nor zen ere. Dena apurtu zen eta, beraz, apurtutako zatien bila joan zen, ahantzi nahi izan zituen oroitzapenak, inoiz aurkitu ez zituenak, iraganekoak zirenak… Oroimenaren hutsegiteei buruzko sorkaria, jatorria hari gidari duena. Abiapuntu moduan, galdera unibertsal bat: Nor naiz eta nondik nator? Kontaketa eta flashbackak bata bertzearen ondotik etorriko dira. Melodrama zinematografikoa, fisikoa, irudi antzerkia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button