LITERATURA

“Poesialdia”, Donostiako poesiaren astea

Martxoaren 21ean ospatu den Poesiaren Nazioarteko Eguna dela eta, Donostia Kulturak literaturaren inguruko Poesialdia programa antolatu du martxoaren 22tik 26ra bitartean.

Hortaz, gaur abiatuko da ekimena, Itxaro Bordak egingo duen Hitzen abaroan saioarekin. Iratxe Retolazarekin mintzatuko da idazlea Ernest Lluch Kultur Etxean, 19:00etan hasita. Itxaro Borda euskal poeta nagusienetakoa da. Solasaldi honetan bere ibilbide, obra eta poetikaren gako nagusien inguruan arituko da eta zenbait poema ere irakurriko ditu.

Biharko saioan, Bigara (Itziar Aranburu & Jon Ander Garcia), Amorante eta Okene Abrego arituko dira Abere ba. Ulu, ala, ele, saioa aurkezteko. Hitzordua, Victoria Eugenia Clubean izango da, 19:00etan. Musika, hitza eta irudia batzen dituen ikuskizun poetikoa da Abere ba. Ulu ala ele. Berez, Abere ba Bigara bikote sortzaileak kaleratutako liburu ederra da, eta palindromoak (ezker-eskuin  zein eskuin-ezker testuek eduki berbera dute) ditu oinarri. “Abere ba hitzekin jolasten duen liburua da. Bitxikeria dirudien arren, euskaraz animalien izenak palindromoa erraz bideratzen du. Abereen irudidun hiztegi pizgarri honetan mitologiak, kantuak, kontuak, atsotitzak, onomatopeiak, hitzulpenak, ele-meleak eta hitz jolas ugari azaleratuko dira”. Martxoaren 26an errepikatuko da emanaldi hori.

Martxoaren 24an, Luis García Montero poeta handia etorriko da Donostiara. Ekitaldian (Ernest Lluch Kultur Etxea, 19:00etan) Itziar Minguezekin arituko da. Eta martxoaren 25ean, IV. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren sari banaketa egingo da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button