LITERATURA

"Azken tranbiaren itzala" lan kaleratu du Jose Inazio Basterretxeak

Elkar argitaletxetik jaso dugun oharrean esaten da Jose Inazio Basterretxeak arta bereziz josi eta zaindu dituela kontakizunaren osagai guztiak: pertsonaiak fintasunez marraztu ditu, garaia fideltasunez adinako ezagutzaz erretratatu, eta idazkera dotore bezain estilizatua erabili, edertasun une distiratsuak dituena.

Liburuan korapilo hau agertuko zaigu: 1938ko uztailaren 30ean, faxistek Bilbo hartu zutenetik urtebetera, hiriburutik hurbil den herri batean, hari bi gurutzatuko dira. Batetik, auto ofizial batean zenbait frankista nabarmen datoz: Augusto Beitia armadore eta estraperlista eskrupulu gutxikoa, eta Miguel María Sasnar, kazetari militar barren ustelekoa; misio ezkutu bat izan berri dute Bordelen, bizirik dirauen gerrak horrelako lan beltzak ere eskatzen baititu oraindik. Bestetik, haiekin egingo du topo Basabe-Uriarte familiak. Sendi apala, lanaren nekeak eta maitasunaren pozak ahal bezala daramatzana, historiaren protagonista ez baizik haren biktima izaten ohitua. 70 urte geroago, familia horretako kide bat, Jose Santos, etxeko ganbaran ari da, gertakari haiek argitzen eta berraikitzen, baita bere amodio istorioa bizitzen ere.

Egileak hauxe dio obraren gainean: “Testuinguru interesgarria ematen du gerrak, lekutze bat eta datatze bat. Eleberriaren gaia ez da gerra, hori baino humanoagoa da gaia. Istorio hurbil bat kontatzen dut. Denbora kronologikoan, 1938an datatua. Denbora mentalean, etxe guztietan gutxi-asko aipatu-edo den gerra zibilean kokatua. Mandatariaren gerra bera ere horrelaxe zegoen girotuta: gerran. Hark harreman gehiago zuen frontearekin, honek gehiago erretagoardiarekin. Bi eleberriren artean, halere, badira keinuak, batetik bestera igortzen gaituztenak. Egoera larrietara eramaten ditu gerra batek pertsonak, gerraren egoera latzak asko erakusten du giza harremanak nolakoak diren. Halabeharra beti dago presente bizitzan eta, nola ez, gerran.”


Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button