ARTEA

Gaur abiatuko da “Bilboargazki”

Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak bultzatzen duen Bilboargazkiren bederatzigarren edizioa gaur berton abiatuko da. Maila handiko adituek osatzen dute aurtengo programazioa, urriaren amaierara arte luzatuko dena.

Ohikoa denez, argazkilarien hitzaldiak eta tailerrak programatu dira, eta batez ere erakusketa bikainak.

Inauguratuko den lehenetariko bat Pedro Javier Pascual artistarena izango da. Egile hau oso ezaguna da naturari eta animalien munduari ateratako argazkiengatik. Ilusiones visuales erakusketak, ikuslearen irudimenarekin jolasteko xedez, irudian erlazionatzen diren bi elementuren arteko jolas poetikora, ikusmeneko elkarrizketara, hurbiltzen du ikuslea bera. Bere argazkiek hurbileko unibertsoa erakusten dute, bertako elementuak kontuan izanda, baina aldi berean unibertso onirikoa ere erakusten dute, begiratzeko modua dela eta. Animaliei egindako argazki guztiak askatasunean egin dira, erabateko errespetua eta kontua izanda. Erakusketa hori Barrainkuako Udaltegian (Barrainkua kalea, 5) egongo da urriaren 1etik 15era.

Beste aldetik, Yang Yueluan argazkilari txinatarrak Great Wall erakusketak inauguratuko du Espacio de los Mundos-en, gaur, irailaren 30ean. Agustín Sagasti argazkilariaren ARKT. Arquitectura y tiempo erakusketa UPV-EHUko paraninfoan izango da ikusgai. Marina Gondra euskal argazkilariaren Cuando cierras los ojos  argazki bilduma Bilboko La Granja kafetegian izango da, urriaren 1etik 31ra. Esther Camachok eszena onirikoak erakusten dituzten bi argazki seriek osaturiko Impermanence Towards Mars aurkeztuko du. Suitzatik, Daniel Brändli etorriko da bere gorputz biluziekin: Series & Sequences. Azkenik, Andoni Lubaki argazkilari euskaldunaren Miradas a un mundo convulso erakusketa ikusi ahal izango da Burtsako udaltegian.

Erakusketez gain hitzaldiak, umeei zuzendutako hastapeneko argazkigintza ikastaroak eta makina bat kontu programatu dira.

Bilboargazkiren webgunean dituzue datu guztiak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button