ESZENA

Pasaiako “Dantza Festibala” urriko lehen egunetan egingo da

Ekainerako aurreikusia zegoen Pasaiako Dantza Festibalaren bigarren edizioa, baina osasun larrialdiaren ondorioz ezin izan zen ospatu. Orain egitarauaren bertsio laburtu eta egokitua aurkeztuko da, urriaren 1etik 4ra bitartean.

Iaz abian jarritako jaialdia kulturarekiko apustu sendoa da Pasaiarentzat, eta ikusle asko erakarri zituen euskal konpainia profesionalen eta herriko eragileen arteko egitarau erakargarri batekin. Orain, ikusle kopurua mugatu eta kontrolatzeko aukera emango duen espazioetan eskainiko dira emanaldiak: Pasai Antxoko Ibaiondo Pilotalekua eta Juanba Berasategi aretoa.

Etzi (19:00etan, Pasai Antxo) jarriko da bidean festibala Amaia Elizaranek zuzenduriko Pool ikuskizunarekin. “Gure inguruneak baldintzatzen gaituen gizabanakoak gara, baina aldi berean, badugu horri kontra egiteko eta bizirauteko beste moduak ikertzeko gaitasunik ere”.

Festibala Kukai taldeak, toki eta ordu berean, eskainiko duen Gelajauziak obrarekin amaituko da. Jon Maya eta Cesc Gelabert koreografoen arteko harremanetatik, gogoeta askoren ondoren, Gelajauziak sortu zen. Piezaren oinarriak bi euskal dantza dira: Gipuzkoako soinu-zaharrak eta Lapurdiko dantza-jauziak.

Tartean, Organik taldearen Sardina Freskue!, Ai Do Project-en Invisible Beauty; Dantzaz taldearen Basoa, eta LaRutan taldearen Out Of The Blue lanez gozatzeko aukera egongo da.

Ordutegiak eta bestelako informazioa Pasaiako Dantza Festibalak dauka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button