Zarauzko Photomuseum aretoan Belen Arévalo artistaren Agerpenak, paper gaineko arkitekturak izeneko proiektua ikusgai izango da urriaren 20ra bitartean.
Photomuseumek ohar baten bidez irudimenaren garrantziaz hausnartzera gonbidatzen duen erakusketa horren nondik norakoak zehaztu ditu: “…piezak hormen gainean flotatzen erakusten dira. Lan bakoitzak QR kode bat du, sorkuntza bakoitzaren hirugarren dimentsioa bideo baten bidez ikusi ahal izateko.
Belen Arévalok kalitate laminar zehatz, sintetiko eta biribileko irudiak sortzea lortzen du, batez ere paisaiak irudikatuz. Irudi horiekin, gauzen oroimena, haien trinkotasuna, bi dimentsiotakoa izanen litzateke. Baina argazkizko horren kronika grafikoa, artistaren hitzetan azaleko kalitatea besterik ez da. Lamina hori irudiek tratatzen dituzten erupzio, presio eta tolesturen mende jartzen denean, gizakiak bere baitan dituen eta inguruan proiektatzen dituen argi-itzalen hiru dimentsioak azaleratzen dira. Gainera, tolesdurak naturalak izatea lortzen du, laztan edo mugimendu sismiko bat, paisaiari ikuspegi desberdinetatik begiratu beharra duen diskurtso bihurri baten antzeko zerbait.”
Belen Arévalo Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Hainbat diziplinatako lantegiak egin ditu estatu osoan barna, besteak beste, xilografia, litografia, argazkigintza edo zeramikakoak. Sorkuntzaren arlo guztietan esperimentatzea gustatzen zaio eta argazkigintza, pintura, obra grafikoa, eskultura edo bideogintza ditu adierazpide.