LITERATURA

Queer Literatura biharko Literatura Eskolan

Donostian burutuko da hurrengo Literatura Eskola, eta hitzordu bikoitza izango da. Batetik, gaur, Le Bukowski tabernan Antzerkia, 21:00etan, King Kong Neska, Josune Montonen eskutik, Virginie Despentes-en testuan oinarritua. Eta beste aldetik, martxoaren 19an, bihar, Ernst Lluch kultur etxean, 10:00etatik aurrera Literatura Eskola Queer literaturaz, Ibon Egaña eta Iratxe Retolazaren eskutik.

Literatura Eskolako kideek adierazi digutenez, “literatura-saio edo tailer honek Queer literaturaren ikuskera hurbiltzea du asmoa. Horretarako, lehenik Queer teoriaren inguruko argibideak eskainiko dira. Bigarrenik, Queer teoria horren begiradatik begirada literariora egingo da jauzia, teoria horren ikuskerak testu literarioen irakurketa nola baldintza dezakeen aztertzeko. Literatur testuen irakurketa gidatua eta kritikoa proposatuko da, parte-hartzea bultzatuz, eta lehen saioan azaldu diren Queer kontzeptu horien garapen praktikoa eginez”.

Aurreko egunean Virginie Despentes-en Teoría King Kong makarraren hitzaurrea, bakarrizketa bihurtua ikusteko aukera egongo da. Ereduak hausten dituen ikuskizun umoretsua da hau, gizon eta emakume perfektua izatearen baloreak ezbaian jartzen dituen ikuskizun urratzailea.
“Emakumetasunaren proletarioak hitz egiten du, ezarritako eredua jarraitzeko gai ez den emakume okerra izatea aldarrikatzen duen emakumeak. Proletario diren haiei zuzendurik dago, Barbie eta Kent bezalakoak izan ezin duten (edo agian izan nahi ez duten) emakume eta gizonei. Ze, benetan, ezagutzen al duzu horien modukoa izateko baldintza guztiak betetzen dituen inor?”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button