ESZENA

Dantzaldiaren 14. edizioa gaur bertan abiatuko da

Dantza garaikidearen garapena zertan datzan ikusteko eta dastatzeko modurik onena, gaur bertan Rekalde aretoan aurkeztu den Dantzaldiaren XIV. edizioan murgiltzea izango duzue. Jaialdiaren aurkezpena Miren Josune Ariztondo Kulturako foru diputatuak eta Laura Etxebarria La Fundición aretoko ordezkariak partekatu dute.

Dantzaldia jaialdiaren inaugurazioa gaur berton, irailaren 25ean, izango da Rekalde Aretoan, Donostiako Dantzaz Konpainiak proposatuko duen Chameleon ikuskizunarekin.

Tarte batez itxaron beharko da hurrengo saioa ikusi ahal izateko, izan ere, urriaren 11an Stravinskyren Le sacre du printems (Udaberriaren Kontsakrazioa) lan unibertsalari omenaldia egongo zaio Bilboko Alondegian. Bere 100. urteurrena dela-eta, Nijinskyk sortutako jatorrizko baletaren bertsio baten proiekzioa aurkeztuko da, eta honekin batera Sasha Waltzek eginiko beste bertsio garaikideago bat. Lan horretan ere oinarrituta Olivier Dubois aktore polifazetikoak Prêt a baiser pieza eskainiko du.
“Nire ahoaz, artelan egingo zaitut. Nire musuaz, ene desioaren itxura emango diot nire egoera aseezin eta morbidoari. Zerbaiten jabe izatea, haren bizi-bulkadaz hustea eta nire belztasun abisala mukuru betetzea. Eternala sortu nire ezpain hiltzaileekin”, lerro kitzikagarriak idatzi ditu performancearen egileak.

Bi egun geroago, urriaren 13an, Madriletik datorren Aracaladanza konpainiaren txanda izango da. Kolektibo honek Constelaciones ikuskizuna eskainiko du Euskalduna Jauregian. Lan hau, Joan Miró artistaren unibertsoan inspiratua, lau urtetik gorako umeentzako obra da.

Urriaren 16an, Bilboko Guggenheim Museoan, Jose Carlos Martinezek zuzentzen duen Compañia Nacional de Danza (CND) delakoaren For now, in liquid days ikusi ahal izango da. “Igeri egiten dugu gizarte likido bateko uretan. Beti da aldakorra, ezin asmatuzkoa, eta ziurgabetasuna, anbiguotasuna, dibertsitatea… ditu ezaugarri. Horrek zailtasun larriak ekartzen ditu geure bizitzak diseinatu eta iragartzerakoan”.

Azaroan sartuta, 8an, BBK Aretoan, Bartzelonatik datorren Laveronal taldearen Islandia lanaz gozatu ahalko duzue. Islandia-k adierazle eta adieraziaren arteko harremanaren analisia proposatzen du. Bidean geldialdi bat egingo dute, hitzaren eta irudiaren arteko loturak edo irudiaren eta berak sujeritzen dituen kontzeptuen artekoak behatzeko.
Azaroaren 17an, Euskalduna Jauregian, Aida Gomez konpainiak dantzaren erroetara bueltatuko da klasiko handi batekin: Carmen. Azkenik, La Fundiciónen, azaroaren 23an eta 24an, Belén Mayaren Habitaciones ikuskizunarekin amaituko da jaialdia.

Dantzaldiekin batera hainbat jarduera paralelo antolatu dira, hala nola, tailerrak, ikastaroak eta abar. Informazioa guztia dantzaz beteriko ekimenaren webgunean eskuratu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button