MUSIKA

Nafarroako Organorako Musika Zikloa gaur abiatuko da

Nafarroako Organorako Musika Zikloak bere 37. edizioa abiatuko du gaur berton, hilak 17,  Mañerun, Raul del Tororen saio batekin. Ekimen musikala Iruñean amaituko da urriaren 29an.

Antolatzaileek azpimarratu duten bezala, aurtengo musika-programazioaren barruan interprete handiak entzuteko aukera izango da, eta izen landua dutenak edo beren ibilbidearen hasieran daudenak ere elkartuko dira.

Mañeruk emango dio hasiera zikloari Raul del Toro artistarekin, ostiral honetan San Pedro elizan, 19:00etatik aurrera. Del Torok “Jose Antonio Donostia aitaren inguruan egindako ikerketa lana eta Mañeruko organoak jarraitzen duen estetikaren arabera konposatutako hainbat musika lanen arteko uztartzea” aurkeztuko du. Organo hau 1893an eraiki zen, eta Foru Erkidegoan kalitate handienetariko bat da.

Bihar, irailak 18, Orreagako Santa Maria Kolegiatak Alize Mendizabalen kontzertua hartuko du, “barrokotik hasi eta XX. mendearen erdialdera arte egile garrantzitsuen obra handiak” interpretatuko dituena.

Bera, Los Arcos, Lizarra, Leireko monasterioa edo Tafalla bisitatuko ditu Nafarroako Organorako Musika Zikloak datozen asteetan, eta zikloa Iruñean itxiko da urriaren 29an, 18:00etan, San Nikolas elizan, Juan Maria Pedrerorekin, Bachen inspiratutako proposamenekin.

Programazio guztia hemen ikus dezakezue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.