
Bihar, hilak 7, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, Mursegok Lapur(ari)ketak sormena aurkeztuko du.
Lapur(ari)ketak ariketa eszeniko horretan, Mursegok “musika, hitza eta gorputza batzen ditu, artista sorkuntzak eraldatzeko, eta beste dimentsio batera eramaten ditu, bere hizkuntzara aldatuz.” Izan ere, sorkuntza hibrido horretan, Paul Duttonen spoken word, Gloria Fuertesen umore politikoa, Mikel Laboaren mundu barneraezina, Vicente Ameztoyren margolan baten lengoaia figuratiboa, Víctor Ericeren indar bisuala eta Martxel Mariskalen poesia nihilista daude, Lisabören musikan nahastuta.
Maite Arroitajauregik (Mursego) abangoardia eta folklorea hibridatzen ohi ditu eta lau disko argitaratu ditu. Azken urteotan zinemarako musika konposatu du eta horri esker sorpresa ederrak hartu ditu. 2021ean, Aranzazu Callejarekin batera jatorrizko musika onenaren Goya eta Platino sariak jaso zituen Akelarre lanagatik.