Gipuzkoako Aldundiaren eta Kutxa Fundazioaren babesarekin, Mintzola egitasmoarekin ikerketa sustatzeko bi deialdi egin zituen Euskaltzaindiak 2022ko urrian: bata, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko gradu amaierako bost lan saritzeko; eta bestea, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko bost ikerketa-lan edota master-amaierako lan saritzeko.
Deialdi batera zein bestera aurkeztutako lanak aztertu ondoren, gradu amaierako bi lan saritzeko erabakia hartu du epaimahaiak: Ane Iriondo Arizmendiren Elgoibarko 16-30 urte bitarteko gazteen hizkuntza mudantzak. “Gazteok egoera ezberdinetan hizkuntza batetik bestera aldatzeko joera izaten dugu. Hizkuntza aldaketa edota hizkuntza mudantza horiek, bizitzako bost egoeretan edota taldetan sailkatzen dira: eskola, institutua, unibertsitatea, lan mundua eta maila pribatuan. Ikerketa honetan 2., 3., eta 4., egoeretan jarriko dugu fokua, eta gazteen arteko hizkuntza aldaketa horietan, generoak, hezkuntzak eta inguruko pertsonak izango dira ardatz.”
Eta beste saria, Odei Guirado Irasuegiren Pulunpa (e)ta Xin! Erdal jatorria duten ikasleentzako harrera- eta murgiltze-planarentzat izan da. “Euskal Herrira iritsi berria den erdal jatorriko ikasleentzat garatutako harrera- eta murgiltze-plan integrala da”, azaldu du Guiradok. Egitasmoa Ikastolen Hizkuntza Proiektuan kokatzen da eta Zirimola Ikastolen Aisialdi Proiektua du oinarri. “Horrela, gutxiagotutako hizkuntza eta kultura baten testuinguruan gaudela aintzat hartuta, euskaratik eta euskaraz lan egiteko esku-hartze pedagogikoa proposatzen du, horren ardatz dituela euskara, hizkera eta ikastolako eremu informalak, kulturartekotasuna, emozioak, ludikotasuna, jolasa eta atxikimendua”.
Saridunek 2023ko ekainaren 15era bitarteko epea izango dute lanak eginda entregatzeko.