IKUS-ENTZUN

Euskarazko ikus-entzunezkoak, “Laburbira” ekimenean

Urtero legez, Euskaltzaleen Topaguneak Laburbira film laburren zirkuitua jarri du martxan, 2013. urtean euskaraz sortutako film labur azpimarragarri zenbait ezagutarazteko. Aurtengo edizioan, zazpi film labur eskainiko dira, eta aintzat hartu dira lanen kalitatea eta gai zein generoen aniztasuna.

Proiektatuko diren film laburrak honakoak dira: Abuztua (Pello Gutierrez), Aio (Asier Sustaeta), Euskaldun berriaren esketxa (Kepa Errasti), Irudi Mintzatuen Hiztegi Poetikoa (Aitor Gametxo, Maider Fernandez, Maria Elorza), Marylin (Iñaki Beraetxe), Plaza bakarra (Mediaworks 3.0) eta Sormenaren bide ezkutuak (Lara Izagirre).

Joan den ostiralean abiatu zen ekimena Sondikan eta Atarrabian, eta apirilaren 12an Parisko Euskal Etxean eta Berriozarren bukatuko da, bertan eskainiko diren emanaldiekin. Guztira 30 saio eskainiko dira.

Laburbiraren bidez Euskaltzaleen Topaguneak euskal sortzaileek egiten duten ikus-entzunezkoen ekoizpena Euskal Herrian bertan ezagutarazi nahi du. Izan ere, aurtengo zirkuituan eskainitako lanetako batzuk nazioarteko jaialdietan sarituak izan badira ere, gutxi ezagutzen dira Euskal Herrian bertan.

Gainera, urtero egiten den modura, sortzaile eta ikusleen arteko harremana lantzeko, filmen zuzendariekin solasaldiak egiteko aukera egongo da hainbat emanalditan.

Filmen sinopsiak eta datu teknikoak eta emanaldien egutegia, ondoko helbidean dituzue: http://www.topagunea.org/laburbira



Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button