
Maitane Nerekan, Saioa Irribarren eta Ander Basalduak Maitasunak mozolo-aurpegia du eta Erraietako Tximeleta literatura lanak aurkeztuko dituzte apirilaren 23an, Sopelako Auzoetxean, 19:00etan. Bi ipuin luzeak Udalbiltzak Geuretik Sortuak programaren barruan argitaratutako Hamaika Irakurtzeko Jaioak liburuaren parte dira. Ekitaldiak bi zati izango ditu, lehenengoan kontakizunaren irakurketa dramatizatua egingo da eta ondoren elkarrizketa filosofiko bat izango da.
Erraietako Tximeleta ipuina “gerra ondorengo maitasun istorio bat da. Eta bertan ahaztuak izan zirenak eta haien bizipenak gogoratzen eta argitara ateratzen dira, gertatutakoa ezagutarazteko eta berriro gerta ez dadin saiatzeko. Gerran isilik bizi behar izan zutenei, sufritu zutenei, torturatu, fusilatu edo ihes egitera behartu zituztenei, laguntza eskaintzeagatik errepresaliatu zituztenei eta errepikatu beharko ez liratekeen bidegabekeriak jasan zituztenei omenaldia”.
Maitasunak mozolo-aurpegia du aldiz, “fikzioa eta saiakera uztartzen dituen lan hibridoa da. Maitasuna neurtu daiteke? Pisatu daiteke? Horien eta beste hamaika galderen inguruan egindako hausnarketa partekatutik lortutako materialarekin harilkatu dira lanean agertzen diren fikzio pasarteak zein hausnarketa filosofikoak”.
Diogun moduan, ekitaldia Sopelako Auzoetxean izango da arratsaldeko 19:00etan, eta bertara joan nahi duen ororentzat zabalik da.



