IKUS-ENTZUN

“Bestelako argiak” bideoarte erakustaldia, Iruñean

Gayarre antzokia, Guadalupeko bastioia, Pellejerías zokoa, Seminario pasabidea, Eslava kalea, Xabier kalea eta Frantziako portalean gauzatuko da abenduaren 21tik urtarrilaren 4ra bitartean Bestelako argiak bideoarte erakustaldia.

Iruñeko Udalak antolaturiko erakustaldi honen bigarren edizioan 17 artisten sorkuntzak proiektatuko dira fatxada, horma, eta Alde Zaharreko beste txoko batzuetan, hamar egunetan. Proiekzioak ilunabarrean hasiko dira, 18:30etik 21:30era, hiriko zortzi txokotan ibilbide artistiko eta sentsorial bat osatzeko asmoz.

Aurten Bestelako argiak erakustaldiak gazteentzako bertsio bat izango du. Oskar Alegría zinemagileak zuzendutako lantegian hiriko gazteek irudiak grabatu eta Txantrean barna proiektatuko dituzte. Sorkuntza horiek abenduaren 30ean proiektatuko dira, larunbatarekin, 18:30tik  21:30ra, Txantrean Barna.
Gainera, etxeko bideoklip bat sortzeko lantegia ere antolatu dute Arma Aretoko ganbaran (Ziudadela), abenduaren 27tik 29ra, Beatriz Sanchez bideoartista eta marrazkilariaren eskutik. Toki berean ere, baina urtarrilaren 2tik 4ra bitartean, Mila Garcia paper-cut delakoan espezializatutako irudigileak paper animatuko antzerki-lantegia zuzenduko du.
Eta datozen egunotan ere, abenduaren 27tik 29ra eta urtarrilaren 2tik 4ra Karabi-Karaba, Itxi Begiak Eta… Hara! Izeneko tailerra ere antolatu dute pertsona guztientzat. “Parte-hartzen dutenek aukera izango dute lan artistiko bat gauzatzeko artistekin harreman zuzenean, eta beren obra ezagutzeko”.

Eta ikuskizunetan musika ezin falta. Cabezafuego eta Beatriz Sanchezen eskutik, Gayarre antzokiko atzealdeko fatxadan, Bumaye! zuzeneko musikako eta bideoarteko ikuskizuna izango da 28an, 20:00etan. Cabezafuegoren abestiak dira ikuskizunaren musika nagusia, eta horri Beatriz Sanchez multimedia artista eta marrazkilariak zuzenean erantsiko dizkio bat-batean sortutako irudiak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button