MUSIKA

Abangoardiako musika L’Mono aretoan

Bilboko L’Mono aretoak abangoardiako soinu esperimentalak eta diziplina anitzeko proposamenak jasoko ditu hil honetan. Hasteko, gaur bertan Norvegiako Parallax taldeak joko du.

Hirukotea Stian Omenås (trompeta eta perkusioa), Are Lothe Kolbeinsen (gitarra) eta Ulrik Ibsen Thorsrud (bateria eta perkusioa) musikariek osatzen dute. Banda horrekin batera, soinua, dantza eta irudia uztartzen dituen inprobisazioa izango da Catapult taldearekin.

Parallax 2008. urtean eratu zen Oslon eta hainbat kontzertu egin dituzte Europan barrena, baita ere Txinan. Haien lehendabiziko diskoa Ingalaterran grabatu zuten, zuzenean, 2010. urtean. Aurten Krutthuset izenburuko bigarren lana argitaratu dute Plin Music zigilu norvegiarrarekin. Musikan inprobisazioa, jazz tradizionala, Asiako folklorea eta abstrakzio paisajistikoa nahasten dira.

Horretaz gain, L’Monon abangoardiako musika jorratzen duten beste bi kontzertu izango dira otsailean. Hala, otsailaren 24an, Frantziako bi talde izango dira: Marylin Rambo eta Howdoyoudance. Lehenengoa math rock instrumentala jorratzen duen bikotea da; bigarrena berriz, rock burrunbatsua jotzen duen gizon orkestra da.

Otsailaren 25ean, halaber, Frantziako Borel Grip bikotea arituko da. Bi musikariek inprobisazio esperimentalaren esparruan jarduten dute saxo eta kontrabaxuarekin lagunduta: Pierre Borel saxo jotzaile frantziarra eta Joel Grip baxu suediarra. Egun horretan ere, dantza inprobisazio izango da Catapult taldearen eskutik, eta zenbait musikari gonbidatu ere izango dira.
Kontzertuon xehetasun guztiak L’Mono aretoaren webgunean biltzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button