Loraldiak, hirugarren urtez, euskarazko sormen digital beka baterako deialdia aurkeztu du, euskarazko sormen digitalak sustatzeko eta ingurune digitalean euskarazko egitasmoek presentzia izateko helburuz. Proposamenak aurkezteko epea urriaren 18ra arte izango da zabalik eta bekak 10.000€ko ordainsaria izango du.
Deialdian kultur sorkuntzaren barruan arlo guztiak onargarriak izango dira: musika, arte eszenikoak, arte plastikoak, dantza, komikigintza, bertsolaritza, gastronomia, rol jokoak, Interneteko baliabideak, audioa … Hirugarren edizio honen onuraduna nor den azaroaren 14an iragarriko du Loraldiak, eta 2025an zehar proiektua gauzatzeko epea izango du. 2026eko Loraldia Festibalean aurkeztuko da emaitza.
Beka honen lehen edizioan EHUko irakasle talde batek (Josu Rekalde, Katixa Agirre, Enrike Hurtado, Izarne Oyarzabal eta Patxi Azpillaga) sortutako Gorputza atzean utzi egitasmoak irabazi zuen, eta 2024ko martxoan, Loraldia Festibalaren hamargarren edizioan, aurkeztu zen.
Bigarren edizioan, Piszifaktoria Ideien Laborategia eta Fikzio Fabrika taldeen Hitzaurrea proiektuak irabazi zuen deialdia.
Bekari buruzko informazio osoa hemen duzue.