MUSIKA

Pop psikodelikoa eta poesia uztartu ditu Garik lan berrian

Gari musikariak Ez da amaiera (Elkar) bere zazpigarren lana aurkeztu du gaur. Estudioan sorturiko eta gauzaturiko lan honek musikariaren alde elektrikoa eta akustikoa biltzen ditu. Popa, psikodelia eta poesia dira nagusi askotariko 11 kantuetan. Izan ere, Garik makina bat idazleren laguntza izan du hitzak egiterako, tartean, Jon Maia, Jon Benito, Kirmen Uribe eta Fermin Etxegoien. Azken horrek Pete Seeger-en We shall overcome kantu protestaren egokitzapena egin du.

“Musikari dagokionez, diskoa anitzagoa da, baina hizkuntza berdinaren inguruan ardaztua; alegia, rock-and-roll-a”, azpimarratu du musikariak. Garik, izan ere, rocka zabal ulertzen du. Horren erakusle duela lauzpabost urte hartu zuen erabakia: ohiko rock taldearen formatua baztertu zuen banda bat kudeatzeko gai ez zelako, eta orain, lantalde txiki batekin egiten du lan. “Sortzeko askatasun handia daukat, ofizioa lantzeko denbora ere eman dit, eta ez dut energiarik galtzen”.

Disko berria estudioko lanaren ondorioa da: “Lan gogorra izan da, baina positiboa, noraezean ibili gara, baina ilusioz, beldurrak gainditzen, esperientzia izugarria izan da”, azaldu du. Estudioan Miguel Moyaren laguntza izan du ekoizpen artistikoan, eta Aitor Ariñorena soinu produkzioan.

Horretaz gainera, zenbait musikariren laguntza ere izan du, batez ere, konponketa akustikoak grabatzeko: Jon Piris (kontrabaxua), Alberto Urretxu (tronboia), Miguel Torres (tronpeta eta fliskornoa), eta Broja Barreuta (perkusioak). Natividad Solagueren eta Itxaso Azkonak, halaber, koruak egin dituzte. Fruitua askotariko lan garaikidea da, modernoa, konponketa askorekin jantzia.

Hitzei dagokienez, bizitzaz hitz egiten dute, eta batez ere maitasunaz. Hitzak egitea lan erraza izan dela nabarmendu du, idazleak oso ezberdinak izan arren. “Bizitzaren inguruko lana da, maitasunari buruzkoa batik bat, ikuspuntu asko biltzen duena, egunerokotasunaren gogoeta txikiak dira”.

Garik hirugarren kontu bat nabarmendu nahi izan du: Elkar argitaletxearen bultzada. “Guztiok egin dugu lan proiektu honetan, baina konpainiaren laguntza izatea gauza garrantzitsua da egungo testuinguruan”.

Kontzertuei dagokienez, Garik aipaturiko formatu txikiari eutsiko dio. Hala, bikote gisa arituko da Miguel Moyanorekin batera. Horretaz gainera, Aitor Oñederra proiekzioez arduratuko da (diskoaren azala eta Dena eta ezer ez dago kantuaren klipa ere egin ditu), eta Aitor Ariño soinu-mahaian izango da. Hala, martxoaren 13tik 17ra AEBetako Austin hiriko South by Southwest jaialdi handian parte hartuko du, eta gero Euskal Herrian barrena arituko da: martxoaren 22an, Idiazabalen, eta 23an, Bermeon. Apirilaren 11n, Arrasaten izango da, eta 27an Ondarroan. Maiatzean beste bi kontzertu egingo ditu: 10ean, Donostian, eta 24an, Basaurin. Azkenik, ekainaren 8an, Altsasuko Kultur Etxean joko du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button