
1545 argitaletxeak, Hitzen Lihoak eta Metrokoadroka kolektiboak sustatutako Oiartzungo Poesia Eguna larunbatean, uztailaren 4an egingo da. Ekimenak poesia zabaltzea eta gogoeta soziala sustatzea du helburu.
Eguna bertako Ugaldetxon barrena egingo den ibilbide poetiko batekin hasiko da. 11:00etan abiatuko da Iurritako errota parean. Bertan herriko poeta eta irakurleak arituko dira, bai eta Arantzazu Lizartza, Ione Gorostarzu, Peio Iturralde eta Rakel Pardo ere.
Arratsaldean, 17:00etan, Badago sarerik? izeneko mahai ingurua antolatu da udaletxeko areto nagusian. Bertan arituko dira Hernaniko Kale Literatura, Hatsa elkartea, Azpimarra, Balea Zuria, eta Lekeitioko Irailekoak poesia jaialdiko kideak.
Horren ostean, 18:30ean, errezitaldi poetiko musikatua eskainiko da Arizmendieneko lorategian. Bertan, Oihana Arana, Leire Bilbao, Itxaro Borda eta Jon Garmendia arituko dira Xabi Belaunzaranek, Julen Etxebestek eta Oihan Gastesik haizatuko duten musikaz lagunduta.
Eguna amaitzeko MICEk kontzertua eskainiko du Arizmendieneko lorategian, 21:00etan.



