MUSIKA

Don Inorrez taldearen lehen kontzertuak

Imanol Ubedak Don Inorrez izeneko egitasmo berria aurkeztu zuen joan den hilean, eta horrekin batera, Mugiro Bila disko berria. Lehen kontzertuak egiteko prest dago dagoeneko;  eta hala, Don Inorrez Bilboko Kafe Antzokian izango da apirilaren 12an, bihar, eta Donostiako Dababada aretoan apirilaren 14an.

Duela bi urte, Joni Ubedak Bide Ertzean utziko zuela iragarri zuenean abiatu zuen proiektu berria Imanolek, ondoan Carlos Arancegui bateria-jotzailea eta Bide Ertzean taldeko musikariaren laguntzaz. Hala, diskoan jasotako kantuak bi urte horietan idatzi ditu Imanolek. Musikari tolosarrak Cadizera jo zuen Paco Loco ekoizle prestigiotsuaren estudiora. Locok makina bat musikariren lanak ekoitzi ditu, tartean, Nacho Vegas, Enrique Bunbury eta Mikel Erentxun. Azken horrekin Carlosek jotzen du, eta hark ezagutzen zuen aurretik Locoren lana. Ekoizleak, gainera, aktiboki parte hartu du kantuen grabazioan, bere gitarra eta teklatuak sartu baititu.  Eta emaitza, biribila da, Imonelen ohiko kutsua nabaritu arren, kantuek bestelako itxura baitute: soinu ehundura, konponketak eta bestelako elementuek kantuen mesederako sortu eta txertatu baitira, betiere, indie-pop kutsuko disko bizizale eta gitarrazalea eraikitzeko.

Imanolek kantuetarako ere Ione Gorostarzu, Xabi Borda edo Pello Lizarralderen testuak erabili ditu, besteak beste. Ubedak Iban Zalduari ere eskatu zion promozio orria egitea, eta gasteiztarrak ipuin popzalea bueltatu zion. Hala, diskoa taldearen web-orriaren bidez edo kontzertuetan jasotzen duenak, ipuina ere jasoko du euskarri fisikoan.

Don Inorrez taldea martxan da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button