ESZENA

Kulunka Teatro konpainiaren “Forever” antzezlan berria, Arriaga Antzokian

Kulunka Teatro konpainiaren antzezlan berria da Forever, Centro Dramatiko Nacionalarekin, Bilboko Arriaga Antzokiarekin eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokiarekin ekoiztu dena. Arriaga Antzokian, urtarrilaren 28an, larunbatean, 19:00etan izango da ikusgai Kulunka Teatroren Forever lan berria, eta erabateko estreinaldia izango da hori. Lan berri horren berezitasuna André y Dorine eta Solitudes antzezlanetan taldeak agertu zuen berbera da: maskaren hizkuntza, eta horrekin batera, isiltasuna.

Ikuskizuna Iñaki Rikartek zuzendu du, eta Jose Dault, Garbiñe Insausti eta Edu Carcamo ditu protagonista. Kulunka Teatroren proiektu berri honek bizitza-antzerkiaren planteamenduari erantzuten dio, konprometitua eta errealitatearekin konektatuta dagoen horri.

Lanaren korapiloa honako hau duzue: “Emakume batek eta gizon batek elkar maite dute. Hain sakon maite dute elkar, non maitasun hori seme batekin zehaztu nahi duten. Seme hori biziki eduki nahi dute. Behar fisiko bat da. Baina azkenean, edukitzen dutenean, seme hori ez da imajinatzen zutena. Horrela hasten da Forever, amestu zutenetik urruntzen ari den betiko familia baten istorioa. Betiereko maitasunaren ideiari buruzko ikuskizun ironiko bat da, non patuak ez duen erantzukizun osoa bere gain hartzen.”

Plataforma birakari baten gainean eta oso hizkuntza zinematografikoari helduz, Forever karrusel bat da; bizitzaren noria. Baina bada, baita ere, espiral bat, biratu ahala, bere protagonisten minaren barruan sakontzen duena. Noraino eraman dezake isolamenduak familia bat? Agian aztoratzailea dena, zirraragarria dena, familia honen historia gurea izan daitekeela da.

Kulunka Teatro Garbiñe Insaustik eta Jose Daultek sortu zuten 2010ean Hernanin. Bere ekoizpenekin 1000 emanaldi inguru egin dituzte 30 herrialdetan, eta konpainiak gure mugen barruan eta kanpoan sekulako sona hartu du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button