IKUS-ENTZUN

Donostiako Zinemaldian “Euskaraz bizi nahi dut” lehiaketa

Euskararen normalizazioa helburu, euskaraz bizitzeko nahia adierazten duten film laburren lehiaketa abiatu zuen iaz Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Aurten egingo den bigarren edizioan, Donostiako Zinemaldiak Euskaraz bizi nahi dut ekimena babestuko du eta horren ondorioz, bere egitarau ofizialean film laburren lehiaketa gauzatuko da.

Film laburren txapelketa honen bitartez honako eduki hauek landu eta hedatu nahi dira: Euskaraz bizi nahi dut pentsamendua hedatzea. Hau da, herritarrei euskaraz bizitzeko arrazoiak eskaintzea; Euskaraz bizi nahi duten herritarrek pairatu behar dituzten egoerak agerian uztea eta horiek eragiten dieten egonezina erakustea; Euskaraz bizitzea erabaki dutenen adorea eta jasotzen duten elkartasuna erakustea; Euskaraz bizitzeko hautua egin ondoren sortzen eta jasotzen diren estimulu positiboak erakustea.

Hala, film laburren lehiaketako finalera iristen diren lan onenak irailaren 26an proiektatuko dira Donostiako Zinemaldiaren baitan. Irabazleak 2.000 euroko saria eskuratuko du.

Lehiaketaren aurkezpena ekainaren 20an egingo da eta egun horretan bertan zabalduko da lanak bidaltzeko epea. Epe hori ia hiru hilabetez luzatuko da eta ondorioz irailaren 15a izango da lanak bidaltzeko azken eguna.

Lehiaketari buruzko xehetasun guztiak lotura honetan dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button