
Iruñean antolatzen den Kantu eta Hitza zikloa maiatzaren 15etik ekainaren 19ra garatuko da aurten, O-ko Andre Maria plazan, baina horri hasiera emateko, aste honetan, hilaren 24an, Jon Maiak Kantu berri bat gara proiektua aurkeztuko du Baluarten. 19:30ean hasiko da bertsolari zumaiarraren ikuskizuna.
Jon Maiak nortasuna eta transmisioa izan ditu ardatz Kantu berri bat gara lanean, azken urteetan garrantzi berezia izan baitute artistaren bizitzan, eta edertasuna eta emozioak oinarri hartuta heldu die bi gai horiei. Bertsolari zumaiarraren ikuskizunak ez dira ohiko kontzertuak bezalakoak: proiekzioak, gonbidatu bereziak, bat-bateko jarduna eta sorpresa ugari izan ohi dira haren kontzertuetan. Ohi bezala, musikari hauek izanen ditu ondoan apirileko kontzertuan: Gorka Hermoso (akordeoia), Pello Ramirez (txeloa), Natxo Soto (pianoa eta sintetizadorea) eta Nerea Quincoces (perkusioa eta ahotsa).
Kantu berri bat gara ikuskizun honetan abesti berriak dira gehienak, nahiz eta badiren tartean bertsio batzuk ere (Negu Gorriak eta Gozategi taldeen eta Gariren eta Pello Reparazen kantuenak besteak beste). Kolaboratzaile ezagunak lagun proiektu berrian: Itziar Ituño, Olaia Intziarte, Maddalen Arzallus eta Luis Pastor. Silvio Rodríguez bakarlari kubatarrak ere parte hartu du proiektuan: Nostalgia kantua abestu du, euskaraz.