BERTSOTAN

Bizkaiko Bertsolari Gazteen Txapelketak 25 urte bete ditu

Bihar, martxoak 8, Arratzu herrian hasiko da aurtengo BBK-ko Bertsolari Gazteen Txapelketaren XXV. edizioa. Gaur goizean, Bizkaiko Bertsozaleen Elkarteko ordezkari Ione Narbaizak, Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritzaren arduradun Juanjo Respaldizak, eta 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren irabazle Etxahun Lekuek horren gaineko xehetasunak eman dituzte, lehiaketari zorionak eman eta gero. 

BBKren laguntzaz antolatzen da urtero Bizkaiko Bertsolari Gazteen Txapelketa, “ bertsolari gazteei beren lehenengo urratsetan plaza eta elkargune bat eskaintzeko helburuarekin”.

Diogun bezala,  bihar bertan abian jarriko da XXV. edizioa Arratzun, eta gero txapelketak Igorre, Sopela, Markina-Xemein, Zalla, Durango eta Bilbo bisitatuko ditu. Azken honetan (Bilboko Kafe Antzokian) izango da finala, martxoaren 31n.

Betiko lez, talde bakoitzean sei bertsolarik kantatuko dute, multzo bitan banaturik: A multzoan 18 urte artekoak, eta B multzoan hortik 24 urte artekoak.

Txapelketa taldeka jokatzen da eta izaera hori bultzatzen da, “gazteentzat babesa eskaini eta publikoaren aurrean kantatzeko beldurrak kentzeko”, gainera oso kontu aberasgarria izaten da, lagun berriak egiten dituztelako. Etxahun Lekuek aipatu duen lez, “bertsolari nagusiek mimatu egiten dituztelako”.

Aurtengo ekimenean, 16 aurpegi berri arituko dira kantuan, etorkizuneko bertsolariak izango direnak. Horretaz gain, aurreko edizioetan parte hartu duten guztiak gonbidatuko dira urteurren horretan parte hartzeko, eta norgehiagoka ibiliko direnak behar bezala hauspotzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button