BESTELAKOAK

Jon Ander Urresti aktoreak Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi du

Jon Ander Urresti aktoreak Durangoko Azokako bosgarren Sormen Beka irabazi du Eucalyptus izeneko proiektuarekin. Aktoreak Durangoko Udalak babestutako 15.000 euroko diru-laguntza jaso du, eta urtebeteko epea izango du proiektua gauzatzeko.

Antzezlan horretako protagonistak eukaliptoak izango dira: “Eukaliptoa aitzakia hartuta, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruz hausnartu nahi da, zalantzak sortu, nire ustez hau baita artearen funtzioa. Gure inguruarekin erlazionatzeko dugun moduak gure izaeraz, gure garaiaz, gure joerez eta gatazkez hitz egiten duelako; periferiako gai eta zalantzak plazan jarri nahi ditut, euren garrantzia politiko eta urgentziaz hausnartzeko asmoz. Beti ere hurbilketa garaikide batekin”.

Epaimahaiaren (Oier Guillan aktorea, Leire Vargas idazlea, Jon Maya dantzaria, Arantza Arrazola Durangoko San Agustin Kulturguneko zuzendaria, Aurelie Pousset Hendaiako kultur programatzailea) hitzetan, “proiektuak lehenengo kolpean ezustea, ezinegona eta harridura sortu zigun. Eukaliptoaren zabalkundearen metaforarekin harilkatu ditu egileak gogoeta berean monokultiboa, faxismoa, eta egun gure jendarteak kolpatzen dituzten kezka sozialak eta erronkak. Hain zuzen ere, planteamenduak guregan sortu duen mugimendu hori publikoarengan ere sor lezakeelakoan gaude. Funtsean, gaiaren originaltasunak arrastoa utzi digu: eukaliptusari emandako balio metaforiko aberatsak, eta bertatik abiatuta gaurkotasunari lotutako hainbat gai jorratzeko testuinguru berezia sortzeko gaitasunak”.

Jon Ander Urresti (1992, Bermeo) Dantzerti Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolan graduatua da eta hainbat antzerki-taldetan ibili da aktore lanetan. Horman Poster kolektiboko kide da eta Antigone edo ezetzaren beharra antzezlanarekin 2022ko Donostia Saria irabazi zuten.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button