
Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak Hotsak Dantzan Vol. III – Jimmy Bidaurreta meets Viorica diskoa argitaratu du. Jimmy Bidaurreta (Donostia, 1971) musika beltzarekin harreman estua duen musikaria da. Izan ere, erritmo beltzak jorratzen dituzten hainbat taldetan ibilitakoa da, hala nola, Tumbaito, Javi Pez Orchestra eta Ortophonken. Egun Gasteiz Big Band banda ere zuzentzen du.
Donostiarrak oraingoan Dantza Baltza izeneko proiektuaren hirugarren diskoa argitaratu du, Jimmy Bidaurreta meets Viorica, lau kantu biltzen dituen hamar hazbeteko binilozko diskoa, Viorica kantari moldaviarraren laguntzarekin.
Orain arte hiru disko eman dituen proiektu honetan musikari donostiarrak musika tradizionala dantzarako erritmo garaikideekin uztartzen ditu. Horren erakusle diskoan jasotako lau piezak dira. A aldean, Marisol kantari espainiarrak Tómbola doinu ezaguna eta Burt Bacharach musikari estatubatuarraren The Look of Love balada moldatu ditu. Biak ala biak Viorica abeslari moldaviarraren ahotsarekin jantzita.
B aldeak, berriz, kutsu zinematografikoa dauka. Izan ere, Bernard Hermannek Alfred Hitchcocken Psycho film ezagunean txertatu zuen musikari erritmo elektronikoak eta lounge ukitua gehitu dizkio. Azkenik, diskoa Bidaurretaren kantu original batekin ixten da, ser-G. Doinua Frantziako musikari eta kantari handietatik edaten du, tartean, Serge Gainsbourg eta Jacques Brel klasikoetatik.
Gaztelupeko Hotsaken latin kutsua duen Tómbola kantua entzun daiteke.



