
Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, elkarlanean antolatzen dute JAI, Jardun Artistikoen Institutuaren ikerketa-programa. JAI udako eskolaren muina praktika artistikoa da, eta ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu.
Datozen bi hilabeteetan, JAIren zazpigarren deialdian hautatutako hamasei lagunek parte hartuko dute ikasketa-programa honetan. Prestakuntza-saioak abuztuaren 28ra bitartean egingo dira. Ikastaroa Artium Museoan hasiko da, eta ikasleak hilaren 26ra arte egongo dira bertan. Ondoren, uztailaren 29tik abuztuaren 1era, egonaldi bat egingo dute Altzuzako Oteiza Museoan. Abuztuaren 3tik aurrera, Tabakalerak hartuko ditu ikasketa-programarekin jarraitzeko, abuztuaren amaierara arte.
2026ko irakasleak Mariana Castillo Deball (Mexiko Hiria, 1975), Louidgi Beltrame (Marseilla, 1971), Nora Aurrekoetxea (Bilbo, 1989), Maddi Barber (Lakabe, 1988), Debris Stevenson (Londres, 1990) eta Carla Filipe (Vilanova da Barquinha, 1973) dira. Tutoreak, berriz, Alejandro Cesarco (Montevideo, 1975), Itziar Okariz (Donostia, 1965) eta Ibon Aranberri (Itziar-Deba, 1969) artistak dira.
JAIren zazpigarren deialdira baldintza teknikoak betetzen zituzten 45 hautagai aurkeztu ziren. Horien guztien artean, programaren ikasketa-batzordeak (Itziar Okariz, Alejandro Cesarco eta Ibon Aranberri tutoreak, Catalina Lozano, Artium Museoko komisario burua, eta Oier Etxeberria, Tabakalerako Programa Publikoen arduraduna) 16 aukeratu zituen, txostenean aurkeztutako lanaren interesa, kalitatea eta hautagaiek beren aurkezpenean adierazitako helburuak ikasketa-programaren ildoetara zenbateraino egokitzen ziren kontuan izanda.



