BESTELAKOAK

Larrabetzun literaturaz arituko dira abenduan

Larrabetzuko literaturzaleek hainbat ekitaldi atondu dituzte abenduan Literaturaz berbetan ekimenaren baitan. Hala, hilaren 1ean Euskal kulturaren transmisioa bermatuta dugu? gaia izango dute hizpide 20:00etan Anguleri kultur etxean. Bertan, Paul Bilbao, Lorea Agirre eta Mitxelko Uranga arituko dira hizlari.

Literaturaz berbetan egitarauak baina, ez ditu soilik literatur ekitaldia biltzen. Izan ere, bestelako kultur adierazpideak ere hartzen ditu. Hortaz, abenduaren 2an, Estankonak eta Rafa Ruedak euren disko berriak aurkeztuko dituzte 23:00etan Hori Bai gaztetxean.

Halaber abenduaren 3an, ostera ere literatura tarte batez alboratu, eta dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da: Kukai taldearen Karrikan emanaldia,18:30ean frontoian.

Abenduaren 15ean eta 22an literatura hutsezko bi ekintza interesgarri izango dira. Hala, 15ean Iñigo Aranbarri Zamaontzia (Susa) bere eleberri berriaz arituko da 20:00etan Anguleri kultur etxean. Aranbarriren hirugarren nobela kontakizun asaldagarria da, non gatazkan sartzen diren abandonuaren atsekabea, laguntasunaren babesa eta doilorkeriaren destaina.

Azkenik, 22an Leire Bilbaoren SCANNER (Susa) liburuan oinarritutako poesia errezitaldia eskainiko du 20:00etan Hori Bai gaztetxean. Sei ataletan egituraturiko liburua identitatearen inguruan ardaztu du ondarrutarrak, eta horretarako eguneroko elementuak erabili ditu, tartean liburuari izenburua ematen dion tramankulu elektrikoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button